Hemeroteka


Compartir
2020-10-05

Liburu-gomendio bat astero

Gaur, hitzitk gabeko liburu batekin gatoz!

Mientras tú duermes. Ilustratzaile-sortzailea: Mariana Ruiz Johnson. Kalandraka, 2020

Asun Agiriano

Hitzik gabeko liburuek gero eta presentzia handiagoa dute haur-literaturan, hainbeste non nazioarteko sari berezi bat ere sortu den, Silent Book Contest (SBC) izenekoa. Horrela, bada, 2014ko Boloniako Liburu Azokan SBCren I. edizioa aurkeztu zen. Gurean, lehiaketako irabazleen lanak bilduma batean kaleratzen ari da Kalandraka argitaletxea, eta, liburuaren izenburua ezik, hitzik gabeko bilduma honen xehetasunak Estatuko lau hizkuntzetan irakur daitezke.

2015.urtean irabazitako liburuaren izenburua Lo zauden bitartean izan zitekeen euskarara ekarriz gero, eta aipatu bezala hitz gehiagorik ez dugu behar, irudia hizkuntza oso bat baita. Hitzik gabeko liburuek hizkuntza unibertsala erabiltzen baitute, irudien heziketan, bai haurrei bai helduei ere, hazteko aukera ematen baitigute.

Mariana Ruiz Johnson (Buenos Aires, 1984) dugu lehiaketa honen ilustratzaile sariduna, lehendik ezaguna Ama liburuagatik, Album Irudidunentzako Nazioarteko VI Compostela Saria irabazi zuenak, eta baita Bidean zehar liburuagatik ere.

Hitzik gabeko liburuen berezitasun bat da izenburuan informazio guztia ematen dela. Hemen ere hasierako irudian ikus dezakeguna horixe bera dugu: loak hartu aurretik amak bere haurrari kontatzen dion ipuinaren irudia. Hasteko familia giroan murgiltzen gaitu eta, hortik aurrera haurra lo dagoen bitartean, logelatik urrun dagoen mundu bat esnatzen joango da. Orriak pasa ahala ikusiko ditugu beste etxeetan, beste kale batzuen eraikinetan bizitza-tarteak esnatzen direla. Gauak dirauen bitartean mikro istorioak daude, ilargia eta izarrak dauden bitartean osagarri berriak aurkituko ditugu, kolorez betetako paisaia oparoan animaliak ikusiko ditugu, adibidez, hasierako ipuinen protagonistako animalia berberak.

Liburua amaitzen da eguzkiaren irteerarekin eta haurra esnatzen denean.

Gauero berriro hasten den zikloa.

Eta gu, bitartean, isiltasunaz gozatzen.