Hemeroteka


Compartir
2020-12-21

Liburu-gomendio bat astero

Bisita. Sortzailea: Antje Damm. Itzultzailea: Naroa Zubillaga. Txalaparta, 2020.

Asun Agiriano

Urte amaieran, zerrenda desberdinak egiteko ohitura izaten dugunean, esan, The New York Times egunkariak Bisita album ilustratua 2018ko hamar libururik onenen zerrendan jarri zuela. Ez dakit gurean ohore hori lortuko duen, halere, irakurketa interesgarria eta gomendagarria iruditu zait.

Estetikari dagokionez, txundigarria da. Liburuaren hasieran, Elise amona protagonistaren irudia itzalen artean ikusiko dugu, txuri beltza nagusi. Bakarrik bizi da Elisa, egunero etxea garbitzen du, oso beldurtia da eta ez da inoiz kalera ateratzen, besteak beste, pertsonen beldur ere badelako. Bere irudiko, leihoen beste aldean susmoak eta errezeloak bizi dira.

Egun batean, baina, kax-kax, norbaitek atea jo eta haur bat etxe barruraino sartuko zaio. Umearen naturaltasuna Elisaren mesfidantzari gailenduko zaio. Haurra etxetik mugitzen den heinean kolorea sartzen da, argitzen dira paretak, liburuak, altzariak eta etxeko beste objektuak ere bai. Horrela, haurrak berezko duen bat-batekotasunari esker, amonaren bihotz zimeldua irabazten du. Elisek urteetan eraiki duen hesia erortzen doa, uxatzen doaz beldurrak.

Hurrengo egunean, amona haurraren zain dagoela, etxe guztia kolorez jantzi da. Ustekabeko adiskidetasunak bizitza bakartiari kolorea eta argia eman dizkio. Koloreek, itxaropenak bezala, biziberritzen gaituzte.

Antje Damm ilustratzaile eta arkitekto alemaniarrak erabili duen teknika aski bitxia da, kontakizuna bera bezain zirraragarria. Pertsonaiak irudietan gainjarriak dirudite, paperezko ebakigarrien moduan. Bisita liburuaren edertasun estetikoa ukaezina da, orrialde bakoitzak zeozer ezkutatzen du, objektuak dekoratu batean baleude bezala jarrita daude, aurretik ebakiak izan dira eta, ondoren, argazkiak atera eta hori izan da liburuko ilustrazioak ontzeko teknika nagusia.

Hurbildu zaitez eta ez egin bisita bakarra, xehetasun mordoa aurkituko dituzu-eta egile honen lanetan.