Hemeroteka


Compartir
2021-01-18

Liburu-gomendio bat astero

Oilasko hegalak. Idazlea: Eider Rodriguez. Ilustratzailea: Arrate Rodriguez. Erein, 2020.

Lore Agirrezabal

Igandero oilaskoa bazkaltzen duen familia (normatibo) baten istorioa da hau. Oilaskoa mahaira atera orduko bakoitzak bere zatiak hartzeko ohitura du, beti berberak, beti arrapaladan. Ama, sobran geratzen diren oilasko hegalekin geratzen da. Beti hegalak beretzat. Behin, ondoezik sentituko da eta ohartuko da pixkanaka bizkarrean hegalak ari zaizkiola hazten. Hasieran harritu edo izutu egingo da, baina gero gustatu egingo zaio eta hurrengo igandean oilaskoa labean sartu orduko hegan alde egingo du leihotik. Munduan batetik bestera ibiliko da hegan txoko desberdinetako jakiak dastatuz eta hainbat kultura ezagutuz.

Etxean, igande hartan harrituta geratu ziren, ez ziren oilaskoa jateko ere gai izan. Bere bidaian ipar-poloraino heldu zenean, ordea, amak ezaguna zitzaion usain goxo bat sumatu zuen. Usainaren hariak etxeraino eraman zuen, handik baitzetorren mahaian zegoen oilasko errearen usain gozoa. Ez zen betikoa, ezta etxekoak ere. Bera ere ez, eta garbi adierazi zuen zer nahi zuen, zer nahi zuen oilasko hartatik.

Album ilustratu honetan hitzen eta irudien arteko elkarrizketa irakur daiteke. Hitzekin Eider Rodriguezek esaten dena osatzen eta biderkatzen du Arrate Rodriguezek bere irudien bidez. Izan ere, testua bera baino konplexuagoa da ilustrazioa, irakurketa gehiago proposatzen ditu, irakurri ahala geroz eta xehetasun edo pista gehiago aurki baitaitezke familia harreman horri buruzko informazioa ematen dutenak. Janzkeretan, dekorazioan, leihotik ikusten den paisaian, keinuetan, aldarteetan… zer pentsa handia eman dezakete. Irudi indartsuak dira, olioz margotutako koadroak dirudite.

Oro har, liburuak hausnarketarako aukera ematen du, besteak beste, etxean bakoitzaren rola zein den ohartzeko aukera. Era beran hainbat sentimendu ere eragin ditzake: bakardadea, berekoikeria, etsipena, haserrea, askatasuna, maitasuna… Bakarrik nahiz lagunduta irakurketa asko izan ditzakeen album ederra da. Abizen bera duten bi izen elkartu ditu liburu honek; abizen berak biltzen dituen bi adierazpide: literatura eta pintura, artea.