Hemeroteka


Compartir
2021-02-22

Liburu-gomendio bat astero

Hans eta igela. Idazlea: Inazio Mujika Iraola. Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga. Erein, 2020.

Erein argitaletxeak 8 urtetik gorako haurrei zuzenduta abian jarri berri duen Pikotxean saileko lehenengo alea da (pikotxean egin kokoriko jartzea da). Mujika Iraolak bilduma berrirako bi ale ondu ditu Maite Gurrutxaga bidelagun duela (Hans eta Igela eta Ez apuratu), Anjel Lertxundik beste bi ipuin idatzi ditu, biak Anton Olariagak ilustratuak (Zakuriko eta Donostian elefanteak ikusi zirenekoa). Gutxienez beste lau alek osatuko dute bilduma, lauak idazle eta ilustratzaile berberek sortutakoak. 

Hans eta igela ipuin ilustratua da. Hans, iparraldetik etorritako mutila, herriko plazan jarri da bere igelarekin, biolina jotzeko asmoz. Halako batean hasi da jendea hurbiltzen, gero eta gehiago, gero eta gehiago...eta azkenean jendetza ezin aurrera, ezin atzera, plazan kateatuta geratuko da. Horra ipuinaren ardatza, jendetza. Zer eragiten die jendetzak haurrei?

Alkateak, zerbait egin nahian, Ertzaintzara deitu du, lehendakariarekin hitz egin, helikopteroak ekarrarazi... baina ez dago zer eginik! Eta hantxe daude, jendetzaren erdian, Hans eta igela. Halako batean Hansek igela kutxatik ateratzen du, honek Hansen burura salto eta tartetxo bat zabalduko da. Jendea mugitzen hasiko da eta, bete zen bezala hustuko da plaza.

Maite Gurrutxagak kolore okre, gorri eta arrosak erabiliz jende pilaketa nabarmentzen du. Hasieran elementu gutxi batzuk ikusiko ditugu, eta pixkanaka jendetza agertzen joango da, irudietan detaile ugari erakutsiz, hainbesteraino ilustrazioen barruan ipuin ugari aurkitu ahalko dituela bitartekariak.