Hemeroteka


Compartir
2021-03-29

Liburu-gomendio bat astero

 

Amonaren kea. Idazlea: Dani Martirena Indart Ilustratzailea: Ana Ibañez Elosua Argitaletxea: Liburu iletsuak, 2020.

Lore Agirrezabal

Haurtzaroko oroitzapen gozoez eta sekretuez, zaurietan min ematen duten sekretu gaziez, dihardu album ilustratu eder honek. Bi kontaera eta argazki zahar batean idatzitako errezeta dira istorio bakarra josteko Martirenak eta Ibañezek erabili dituzten baliabideak.

Haurrentzako ipuina eta helduxeagoentzako moduko historia batzen ditu kontakizun honek, ondo bereizitako bi zatitan. Lehen partean haurtzaroan igandero amonarenera joaten ziren lehengusu-lehengusinen errutina kontatzen da: bisitan joan, amonak egindako hostopil gozoak jan, haren kontuak entzun, paga jaso eta arratsalde pasa gozoa eginda hurrengo igandera arte zain geratzen zirela gogoratzen du nostalgiaz ume haietako batek.

Amonaren ekonomikako kearen eta hostopilen usaina aditu daitezke Ana Ibañezen ilustrazio samurretan. Collagearen bidez sortu ditu: haurren jantziak paper zatiekin, hostopilak kartoi itxurako paperez eta marrazkiak lapitzez. Mimo handiz amaitu zuen 2019an Galtzagorri Elkarteak antolatutako MarraziOak lantegian Elena Odriozola eta Gustavo Puertarekin abiatutako lana. Errezetarik ez dago. Ilustrazio eta sukaldaritza, sukaldaritza eta ilustrazio tailerra izendatu zuten lantegi hartan, sukaldaritza eta oroimenak astindu zituzten eta labe hartan hasi zen egosten Amonaren kea, ondoren Dani Martirenak testuz gozatu duena.

Hain zuzen, Ibañezen collage samur horiei Dani Martirenaren kontakizun soil bezain poetikoa lotu zaie, eta, hala, bien artean familia batean belaunez belaun gorde den errezetaren eta sekretuaren istorioa harilkatu dute.

Beste garai bat gogorarazten digun erritmoa markatzen du Martirenak zenbait hitzen errepikapenarekin, halako errepika bare eta gozo bat sortuz. “Oroitzen dut” esanez hasten ditu esaldi gehienak eta hala kontatzen digu amona zilarrezko mototsarekin eta amantalarekin oroitzen duela, haren besarkadak ditu gogoan eta nola behin gerraz mintzatu zitzaien bilobei; gerran desagertu zen aitonaz. Badirudi, kea bezala airean nahastutako amonaren hitz haiek errepika bihurtu zirela narratzailearentzat eta gerora heldu nahi izan diela amonak emandako pistei, hark argitu gabe utzi zuen sekretuaren muineraino joanaz.

Bigarren zatian, hain justu, amonak kontatutako sekretu hura argitzen da, aitona gerran hil zutenekoa. Kontakizun historiko hori narrazio soila da, gertakarien kontakizun gordina. Ez du ilustraziorik, ez du behar, irakurri ahala irudika baitaitezke aitonaren azken orduak. Ukitu poetikorik falta ez zaion arren, ez da samurra, gerraren zitalkeria bere horretan kontatzea erabaki baitute egileek. Hain zuzen, komeni da tentuz irakurtzea, haurrekin bada helduek lagunduta egitea komeni da, gerrari buruzko galderak etorriko baitira jarraian eta gaiaz mintzatzeko unea sortuko baita ezinbestean.

Dena dela, bien arteko zubi hori Mariasun Landaren idatzi batek egiten du eta hor susma daiteke hurrengo orrialdeek gorde dezaketenaren eitea. Izan ere, Landak haurren inozentziaren aitzakian, literatura laua, gertaera latzik kontatzen ez dena egiteko joera salatu zuen idatzi horretan, argi utzi nahian, haurrek ere sufrimenduaz badakitela eta haiekin gaudenean horri iskin egitea ez dela bidezkoa.

Hortaz, samur baina gordin, gerraz eta isilarazitako memoria hartaz, familia askotan itxi gabe utzi ziren zauriez eta sekretuez mintzatzeko parada eskainiko du liburu honek, baldin eta osorik kontatzeari iskin egiten ez bazaio.