Hemeroteka

2020-10-23

Miren Asiainen lanak ikusgai daude Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan

2021eko urtarrilaren 24ra arte Miren Asiain (Iruña, 1988) ilustratzailearen lanak izango dira ikusgai Aieteko Kultur Etxean, Ilustratzaileen Txokoan.

Bilbon arte ederrak ikasi zituen Euskal Herriko unibertsitatean baina azken ikasturtea Buenos Airesen burutu zuen.

Bere lanak munduko hainbat lurraldeetako erakusketetan izan dira, Txina, Japonia, Korea, Argentina, Mexiko, EEBB, Espainia eta Italia, besteak beste. Berak ilustratutako liburuak ere hainbat hizkuntzetan argitaratu dira.

Asiainen lanen artean badira sari garrantzitsuak irabazitakoak. 2012an iruindarrak idatzi eta ilustratutako Hara! (Pamiela, 2012) album ilustratuak Etxepare saria jaso zuen. 2013an finalista geratu zen Euskadi Literatur Sarietan. 2015ean berriz, “Iberoamerica Ilustra- Catálogo Iberoamericano de ilustración” saria jaso zuen Guadalajarako Liburuaren Nazioarteko Azokan, Mexikon. Bi sari hauei esker bultzada handia lortu zuen bere lanak. 2017, 2018 eta 2019an Boloniako Haur Liburuaren Nazioarteko Azokaren erakusketan parte hartzeko hautatua izan zen. 2019an berriz, bere lana Ilustrarte Nazioarteko Ilustrazio biurtekoan (Portugal) eta New Yorkeko Ilustratzaileen elkarteak (SOI) antolatutako “Illustrator´s 61” erakusketetan parte hartzeko hautatua izan zen.

Un millón de ostras en lo alto de la montaña (Flamboyant) liburuan egindako lanagatik 2020ko Euskadi Saria eskuratu du.

Asiainek teknika ezberdinak erabiltzen ditu, besteak beste, collage-a, akuarela, grafitoa, akrilikoa, tinta eta olioa. Liburuak ilustratzeaz gain, laminak, musika disken azalak eta kartelak (Grande Days, The Great Destroyers, Microcastles, Huertas Amigas, Pumpk Festival, Amnesty International) egin izan ditu.

Bere web orrialdean Asiainen lanen lagin bat topatu daiteke: https://miaslo.com/