Hemeroteka


Compartir
2021-03-18

OEPLIk lau euskal ilustratzaileren lanak aurkeztuko ditu aurtengo Bratislavako Ilustratzaile Biurtekora

Elena Odriozola, Iban Barrenetxea, Maite Gurrutxaga eta Leire Salaberriaren lanak hautatu ditu OEPLIk (Organización Española para el Libro Infantil), estatuko beste 11 ilustratzaileren lanekin batera aurtengo Bratislavako Ilustratzaile Biurtekora aurkezteko. Ospe handia duen Haur eta gazte liburuen ilustrazioen nazioarteko erakusketa hau Eslovakiako Errepublikako Kultura Ministerioak, UNESCOren Eslovakiako Batzordeak eta BIBIANAk (Haurrentzako Artearen Nazioarteko Etxeak) antolatzen dute. Aurtengo edizioa urrian hasiko da eta 2022ko urtarrilaren hasierara luzatuko da.

OEPLIk IBBYren Espainiako atala denez, Bratislavako Ilustrazio Biurtekora 15 ilustratzaileren lanak aurkezteko aukera du bi urtez behin. Galtzagorri Elkartea OEPLIren sailen artean dago eta aukeraketan euskal ilustratzaileen parte-hartzea bermatzen du. Estatuko 66 ilustratzailek aurkeztu dute beren hautagaitza aurtengo Biurtekora eta 15 izan dira aukeratuak, tartean lau euskal ilustratzaile berriki argitaratutako lanekin.

OEPLIk aukeratu dituen beste 11 ilustratzaileen berri duzue OEPLIren webgunean.

Haur eta gazte liburuen ilustrazioen Bratislavako Biurtekoann nazioarteko epaimahai batek honako sariak ematen ditu: GRAND PRIX bat (3.000 $), 5 URREZKO SAGAR (Bakoitza 1.500 $ eko balioarekin) eta 5 Plaka (bakoitza 1.000 $koa). Azken urteetan Euskal ordezkaritza zabala izan du Euskal ilustraziogintzak Biurteko entzutetsu honetan. Ordezkaritzaz gain, azken edizioetan sarituak ere izan dira euskal ilustratzaileak.

2015ean Elena Odriozolak Urrezko Sagarra irabazi zuen Frankenstein (Nórdica) lanarekin. Odriozola Bratislavako Urrezko Sagarra jasotzen duen bigarren euskal ilustratzailea da Asun Balzolarekin batera, Balzolak 1985ean jaso zuen Bernardo Atxagak idatzi eta berak ilustratutako Txitoen istorioa liburuarekin. 2013an guztira Iraia Okinak Bratislavako Biurtekoko Plaka eskuratu zuen edizio hartan, Ilargia esnatu da (Elkar) liburuarekin. 2011ko edizioan berriz, plaka horietako bat Iban Barrenetxeak eskuratu zuen, Bombástica Naturalis (A buen Buen Paso, 2012) liburuarengatik.