Hemeroteka

2021-10-04

27 ikastetxe eta 2000 gazte baino gehiago Liburu Gaztea Booktrailer lehiaketan eta abian da irakasleentzako lantegia.

Abian da Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketaren edizio berria. Aurten 27 ikastetxek eman dute izena lehiaketan eta, horren arabera, 2.400 ikasle inguru ariko dira liburuak irakurri eta haiei buruzko book trailerrak egiten datozen hilabeteetan. Egitasmo hau Galtzagorri elkarteak antolatzen du urtero Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Honen helburua 12 eta 16 urte bitarteko gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, horretarako teknologia berriak erabiliz. Lehiaketan parte hartzen duten guztien egitekoa honakoa da: maila bakoitzerako proposatutako liburua irakurtzea eta horri buruzko book trailerra egitea, liburu horren irakurketa sustatzeko. Hala ere, ikastetxetatik kanpo Norbanakoen kategoria ere badago lehiaketan. Honetan parte hartu nahi dutenek, nahikoa dute azken eguna baino lehen (2022ko martxoaren 6a) book trailerra TikTok aplikazioaren bitartez gauzatu eta web gunera igotzea. Oinarrietan dago informazio guztia zehatz mehatz azalduta.

Book trailerrak egiteko grabazio eta edizio tekniken inguruko formazioa irakasleentzat Urtero bezala, egitasmoan parte hartzen duten irakasleentzako formazio saioa eskainiko du Galtzagorri Elkarteak ikasturte hasieran. Aurtengoan ere, book trailerrak egiteko grabazio aholkuak, edizio programak eta Stop motion bezalako teknikak azalduko zaizkie irakasleei. Honetarako, lau orduko ikastaro praktikoa eskainiko zaie, urriaren 14an, goizez, Lasarte-Oriako Berritzegunean.

Lehiaketaren edizio honetan ere sariak epaimahai batek erabakiko ditu eta horrela banatuko dira:

IKASTETXEKA:

DBH1- DBH2 kategorian: abentura txangoa lau laguneko talde irabazlearentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

DBH3-DBH4 kategorian: abentura txangoa lau laguneko talde irabazlearentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

NORBANAKOKA: Abentura txangoa bi lagunentzat eta 100 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Publikoaren saria ere izango dugu:

Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Norbanakoen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Publikoaren sarian BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.

Gainera, 2021-2022 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako irabazleek (Ikastetxeak Kategorian, DBH3-4), hurrengo edizioko spota edo promozio-bideoa egiteko aukera izango dute. 

Aurtengo irakurgai hautatuak eta ezinbestekoen zerrendatik liburua hautatu, irakurri eta rec botoiari sakatzea besterik ez da geratzen orain. Spoiler gehiagorik ezin dugu egin... Erronka martxan da eta irrikitan gaude aurtengo book trailerrak jasotzen hasteko! EKIN!