Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-10-12

28 ikastetxek eta 2600 gaztek baino gehiagok hartuko dute parte Book Trailer lehiaketan eta abian da irakasleentzako lantegia.

Abian da Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketaren edizio berria. Aurten 28 ikastetxek eman dute izena lehiaketan eta, horren arabera, 2.600 ikasle inguru ariko dira liburuak irakurri eta haiei buruzko book trailerrak egiten datozen hilabeteetan. Egitasmo hau Galtzagorri elkarteak antolatzen du urtero Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Honen helburua 12 eta 16 urte bitarteko gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, horretarako teknologia berriak erabiliz. Lehiaketan parte hartzen duten guztien egitekoa honakoa da: maila bakoitzerako proposatutako liburua irakurtzea eta horri buruzko book trailerra egitea, liburu horren irakurketa sustatzeko.

Hala ere, ikastetxetatik kanpo Norbanakoen kategoria ere badago lehiaketan. Honetan parte hartu nahi dutenek, nahikoa dute azken eguna baino lehen (2021eko martxoaren 5a) book trailerra web gunera igotzea. Oinarrietan dago informazio guztia zehatz mehatz azalduta.

Book trailerrak egiteko grabazio eta edizio tekniken inguruko formazioa irakasleentzat

Urtero bezala, egitasmoan parte hartzen duten irakasleentzako formazio saioa eskainiko du Galtzagorri Elkarteak ikasturte hasieran. Aurtengoan ere, book trailerrak egiteko grabazio aholkuak, edizio programak eta Stop motion bezalako teknikak azalduko zaizkie irakasleei.

Honetarako, lau orduko ikastaro praktikoa eskainiko zaie, urriaren 14an, goizez, Donostiako Tabakaleran kokatutako Kutxa Kultur espazioetako ikasgelan.

Sariak

Lehiaketaren  edizio honetan ere sariak epaimahai batek erabakiko ditu eta horrela banatuko dira:

IKASTETXEKA:

DBH1- DBH2 kategorian: abentura txangoa lau laguneko talde irabazlearentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

DBH3-DBH4 kategorian: abentura txangoa lau laguneko talde irabazlearentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

NORBANAKOKA: Abentura txangoa bi lagunentzat eta 100 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Publikoaren saria ere izango dugu:

Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Norbanakoen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Publikoaren sarian BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.

Gainera, 2020-2022 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako irabazleek (Ikastetxeak Kategorian, DBH3-4), hurrengo edizioko spota edo promozio-bideoa egiteko aukera izango dute.

Liburu hautatuak

Ikasturte honetako Liburu Gaztea Lehiaketarako irakurgaiak dagoeneko web gunean daude. 2019an euskaraz gazteentzat argitaratu zen guztia irakurri ostean, honakoa da Liburu Gazteako irakurketa batzordeak hautatutako liburuen zerrenda mailaz maila:

DBH1 eta 2:

Wonder. Mutiko miragarria. R.J. Palacio. Ilustratzailea: Tad Carpenter. Denonartean, 2019.

Coraline. Neil Gaiman. Ilustratzailea: Dave Mckean. Elkar, 2019.

DBH 3 eta 4:

Momo. Michael Ende. Begiko, 2019.

Ezezagunak. David Lozano. Giltza, 2019.

Hortaz, DBHko ziklo bakoitzerako iaz argitaratutako bina liburu proposatu zaizkie ikastetxeei irakurgai moduan. Horrez gain, orain arte bezala, Ezinbestekoen zerrendatik ere hartu ahal izango da irakurgaia, maila bakoitzak ikasleen adinari dagokion libururen bat hautatu ahal izango du zerrenda horretatik. Ezinbestekoen zerrenda, literatur aditu zenbaitek osatutakoa da, gazteentzat orain arte euskaraz argitaratu diren liburu gomendagarrienak biltzen dituena. Beraz, parte hartzaileek nobedadeen artean edo betiko irakurgai onenen artean egin ahal izango dute irakurgaien hautua.

Spoiler gehiagorik ezin dugu egin... Erronka martxan da eta irrikitan gaude aurtengo book trailerrak jasotzen hasteko! EKIN!