Hemeroteka


Elkarbanatu
2021-10-01

Amaitu dira MarraziOak

Amaitu da MarraziOak tailerraren 13. ekitaldia. Amaitu dela diogu, baina tailer hau ez da sekula amaitzen proiektu berrien ernamuina izaten delako, edo ilustratzaileak nonbait ukitu eta xaxatzen dituelako, edo beren ohiko marratik atera eta marra berrietara begira jartzen dituelako. Amaitu da, halere, parte hartu duten ilustratzaileek Ignasi Blanch ilustratzailearekin eta Harkaitz Cano idazlearekin partekatu duten astea. Eta MarraziOen astea beti da intentsoa, beti da inspiratzailea eta beti bihurtzen da hausnarketa egiteko espazio bat. 

Aurtengoan maskulinitatearen errepresentazioak landu dituzte, eta Canok laburbildu duenez, "oso argi daukagu maskulinitate zaharra zertan datzan, baina berriarekin zalantza gehiago sortzen zaizkigu". Esate baterako, irudi maskulino bete-betetzat dugun gizon bat ikusi ohi dugun kontestutik atera eta beste batean aurkeztuz gero, zalantzak sortzen zaizkigu. 

Ilustratzaileen ofizioaz ere aritu dira. Ofizioa gauzatu du nork bere pintzel, argizari edo errotulagailuekin eta ofizioaz aritu dira Donostiako Igeldoko Undermount espazio zoragarrian. Ignasi Blanchek xaxatu egin ditu ilustratzaileak eta, besteak beste, beren buruari nondik marrazten duten galdetzeko eskatu die. "Nondik abiatzen zareten, edota nondik horrek garrantzia duen ala ez. Norberaren ahotsa, nondik dator?"

MarraziOetan leporello sorta bat sortu dute, horma-irudi bat egin dute eta ilustratzaile bakoitzak aurtengo gaiari lotutako proiektu bat abiatu du. Gainera, ilustratzaileek beren lanaz mintzatzeko aukera izan dute, beste ilustratzaile batzuen ondoan lan egitekoa ere bai. Hori guztia eta gehiago Blanch eta Canoren gidaritzapean. Ez da gutxi!

Hurrengo udazkenean, gehiago!