Hemeroteka


Elkarbanatu
2012-09-25

Arrakasta handia izan du "Paperean hegan/ Flying over paper" ikuskizunak

Abuztuaren 24an aurkeztu zuen Galtzagorri Elkarteak Paperean hegan / Flying over paper ikuskizuna Londoneko Imperial Collegen, IBBYren nazioarteko kongresuaren baitan. Ekitaldi arrakastatsua izan zen. Izan ere, berrehun lagun inguru bildu ziren ikuskizun aretoan eta txalo zaparrada batekin amaitu zen ikuskizuna.

Patxi Zubizarretak (idazlea), Jokin Mitxelenak (ilustratzailea), Gema Arrugaetak (argazkilaria eta teknikaria), Joserra Senperenak (musikaria), Maddi Oihenartek (abeslaria) eta Idoia Noblek (itzultzailea) hartu dute parte bertan.

Ikuskizunak, musika, hitzak eta irudiak uztartzen zituen baita hizkuntza ezberdinak ere euskara, ingelesa, frantsesa, gaztelania edota alemana kasu. Horrekin herrien arteko mugak, orpoz orpo dauden hizkuntzen arteko uztartzeak, eta hartu-eman horietatik sortzen den literatura islatu nahi izan du Galtzagorrik. Hain zuzen ere, aurtengo kongresuaren leloarekin ("Crossing boundaries: Translations and Migrations") bat egin nahirik sortu da ikuskizun hori.

Galtzagorri Elkarteak Etxepare Euskal Institutuaren eta OEPLI (Organizacion Española para el Libro Infantil y Juvenil) Espainiako elkartearen laguntza izan du ikuskizuna aurrera eraman ahal izateko.

Euskaraz sortutako Haur Literatura itzulia

Ikuskizun aretoa Euskal Haur Literaturak eman dituen hainbat liburuz hornitu zuten Galtzagorriko kideek. Euskaraz sortu eta beste hizkuntzetara itzuli diren zenbait liburu jarri zituzten ikusgai eta jakinmin handiz gerturatu ziren ikusleak erakus-mahaira.

Besteak beste, Mariasun Landaren Txan fantasma (Chan el fantasma); Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak (Memorias de una vaca; Mémories d'une vache; Memories van un koe; Memorien einen baskishen kuh); Juan Kruz Igerabideren Printzesa begi-zulo (La princesa ojerosa; La princesa ullerosa); Patxi Zubizarretaren Midasen eraztuna (El anillo de Midas; L'annel d'en Midas); Miren Agur Meaberen Errepidea (La carretera); eta Elena Odriozolak ilustratutako Quando vem a lua, Die schöne gemahlin des mandarin eta A woodland secret.