Hemeroteka

2019-12-11

Asier Iturralderen lanak ikusgai daude Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan

2019ko abenduaren 11tik 2020ko martxoaren 15era arte Asier Iturralde (Donostia, 1972) irudigile eta diseinatzaile grafikoaren lanak izango dira ikusgai Aieteko Kultur Etxean, Ilustratzaileen Txokoan.

Arte Ederretan lizentziatua zen Iturralde eta lehen urratsak diseinu estudio eta agentzia ezberdinentzat lanean eman zituen (Gamma, Trace, Ver no, Alude, …). 2004an diseinugile batekin batera La Machine Factoría Gráfica sortu zuen, instituzio eta enpresentzako grafika eta ilustrazio lanak eginez.

2017an ilustrazioaren munduan gehigo sakontzeko gogoz bide berri bati ekin zion Studio GASTON enpresa sortuz. Studio GASTONen instituzioentzako lan egiten dute batik bat, kultura eta gazteria arloekin zerikusia duten proiektuetan bereziki.

Komikizale amorratua dela aitortzen du, bere denbora librearen zati handi bat eskaintzen dio komikiak sortzeari hainbat sari eta aipamen lortuz (Portugalete, KMK, DEIA, Kutxa Kultur, …). Astero-astero web-komik bat argitaratzen du www.betiberdintaberna.art web orrialdean. Komiki erakusketetan ere parte hartu du: Rekalde Aretoa, Sala Kutxa,... Balmaseda 700. urteurrena komikia argitaratu eta ElBalancín urtekarian ere parte hartu du.

2019ko urtarrilean Galtzagorri elkarteak Iruñeako udalarekin batera antolatzen duen BIKO-TEKA idazle eta ilustratzaileentzako tailerraren hirugarren edizioan parte hartu zuen Aintzane Usandizaga idazlearen bikote gisa. Etxepare Sariko antolatzaileen ekimenez sortutako tailerra da, zeina haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izateko sortu zuten. Helburua tailerraren amaieran parte hartzen duten bikoteek album ilustratu baten proiektua abian jartzea da. Aurten, Iturraldek eta Usandizagak irabazi dute Etxepare saria, Biko-teka tailerrean sortu eta ondoren borobildutako Etxe Honetan albumari esker.

Euskal Irudigileak, EIDE Basque Design eta Galtzagorri elkarteetako kidea da.

Studio Gastón: www.studiogaston.design

ORDUTEGIA:

  • Asteartetik ostiralera: 16:00 - 20:00
  • Larunbatak: 10:00 - 14:00 / 16:30 - 20:00
  • Igandeak : 10:00 - 14:00

Gabonetan (Abenduak 21 - Urtarrilak 6)

  • Asteartetik igandera : 10:00 - 14:00
  • Larunbatak: 10:00 - 14:00 / 16:30 - 20:00
  • Astelehenek eta jaiegunak itxita