Hemeroteka


Elkarbanatu
2022-04-29

Badator LG booktrailer lehiaketako sari banaketa eta dagoeneko baditugu izen batzuk!

Dagoeneko baditugu finalisten izenak! Epaimahaiak Liburu Gaztea Booktrailer Lehiaketan finalera sailkatu diren trailerrak hautatu ditu. Hortaz, azken txanpara iritsi gara eta laster izango dugu irabazleen berri, lagunok!

Gainera, publikoaren bozka jasotzeko fasea itxi berri dugu eta baditugu publikoaren bozka gehien jaso dituzten booktrailer bideoen izenak! Hala ere, guzti honen berri datozen egunotan izango duzue, hain zuzen ere, LIBURU GAZTEA booktrailer sari banaketa ekitaldian.

Aurten ere, KUTXA KULTUR-ek ekimen honekin bat egin nahi izan du eta haiekin elkarlanean antolatuko dugu aurtengo sari banaketa ikusgarria. Hain zuzen, Maiatzaren 20an, goizeko 11:00tan, Tabakalerako Kutxa Kultur Plaza aretoan egingo den ekitaldi berezian ezagutuko ditugu irabazleen izenak. Oraindik indarrean daude hainbat osasun eta segurtasun neurri, beraz, ekitaldia presentziala izango bada ere, ezingo dute ikastetxeko kide guztiak bertaratu. Hori dela eta, sari banaketa streaming bidez ere ikusi ahal izango da. 

Streming bidez ikusteko, ZUZENEKOA deitu diogun esteka honetan klikatu. Hartara, ikastetxean geratzen zaretenok ere zuen apustuak egin eta zuzeneko txatean animoak eman ditzakezue!

Esan bezala, kategoria bakoitzeko 3 finalista sailkatu dira, eta egun horretan jakingo dugu sariak nora joango diren. Finalisten izenak ezagutu nahi?

DBH1-2ko ikasleek lehiaketara aurkeztutako lanen artean, Ikastetxeen kategorian, ELEFANTEAK (Leizaran institutua) eta POTITOAK (San Luis La Salle) Ezekiel liburuaren trailerrarekin; PIZZA TALDEA (Herri Ametsa) Arrastoa liburuarekin; EDITORE TTIPIAK (IES San Adrian) Emakume guztiok liburuarekin; eta LA SALLE 2Bko 8. TALDEA Pijama marradunaz jantzitako mutikoa liburuaren trailerrarekin.  

DBH 3-4ko gazteek aurkeztutako lanen artean, berriz, Ikastetxeen kategorian, MUSTELA (Axular Lizeoa) Frankenstein efektua liburuarekin eta JESUINESKAK (Jesuitinas Donostia) eta UGANDARRAK (Axular Lizeoa) Ikusezin liburuaren booktrailerrarekin biak.  

Esan bezala, publikoaren bozka gehien jaso duten ikastetxe eta norbanakoen kategoriako bi booktrailerrak ere sarituak izango dira ekitaldian.

Maiatzaren 20an jakingo dugu nor den kategoria bakoitzeko irabazlea. Lau lagunentzako abentura txangoak eta liburu eta diskotan gastatu ahal izateko 200 euroko bonuak daude jokoan. Nor izango ote da aurtengo booktrailer zuzendari eta interprete garailea? Egin apustu!