Hemeroteka


Elkarbanatu
2021-02-26

Euskara, literatura eta eskola eskutik doaz

HGL Eskolan ikastaroko lehen moduluan literaturarekin zerikusia duten hainbat arlo aztertu dituzte eta bigarrenak eskolarekin zerikusi gehiago dituzten gaiak lantzen hasi dira. Hain zuzen, Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa eta hezkuntza-egoera anitzak aurkeztu ditu Paula Kasares adituak. Zehazki egoera soziolinguistikoaren eragina haur eta gazteen irakurketetan.

Eskolan, euskara eta haur eta gazte literatura lotuta daudela, hau da, ez direla sail desberdinak eta batera joan daitezkeela azaldu du Kasaresek. Izan ere, familia barruan haurrak euskara haztearen aldeko hedapen- eta sentsibilizazio-jardueren garapenean lan egin du, euskaltzain urgazlea da eta Literaturaren didaktika erakusten du Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Hizkuntzaren galtze- eta berreskuratze-prozesuan literaturak duen funtsezko paperaz hitz egin du, are gehiago eskolak duen berebiziko garrantziaz hiztunak batez ere eskolan sortzen direlako. Galtze-prozesuan dagoen hizkuntza bat ez bada eskolan sartzen nekez berreskuratu daiteke. Hala, berreskuratze-egoeran dagoen hizkuntza batek eskola behar du.

Kasares irakasleak XXI. mendean euskara indarberritzeko estrategiak aurkeztu ditu. Egoera desberdinen arabera, familian erabilera sendotzeko baliabideak erakutsi ditu. Euskararen "berretxekotzeari" laguntzeko eraginbideak aurkeztu ditu (euskara lehen hizkuntza ez duten guraso euskaldunak haurrekin euskaraz mintzo daitezen). Haurrekin euskararen bizipen afektiboa eta ludikoa emateko orduan osagai literarioak beharrezkoak dira, ahozko tradizioetatik, jokoen formula, haur folklorea, izan ere haurrak hizkuntzaren dimentsio ludikoaren bitartez ikasten du. Literatura bizipen estetikoa, ludikoa eta sortzailea da eta hizkuntza bat berreskuratzeko balio du. 

Hurrengo saioan Ibon Egaña EHUko irakasleak eta ikerlariak eskoletako Irakurketa Planei buruz hitz egingo du.