Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-12-28

Galtzagorri Elkartearen webgunean berrikuntzak

Galtzagorri Elkartearen webgunean berrikuntzak egiten ari gara. Urte amaierarekin, Ezinbestekoen Zerrenda berria sartu dugu, Lore Agirrezabalek ondua. Asteko liburu-gomendioaren egitasmoarekin aurrera egin dugu, eta astero-astero haur- eta gazte-literaturako liburu baten gomendioa sareratzen dugu, baita sare sozialen bitartez zabaldu ere –Instagramean ere hasi gara–. Behinola aldizkariaren 42. alea argitaratu dugu eta dagoeneko oso-osorik bistaratu daiteke ekaineko alea, 41.ena.

Horrez gain, proiektu berria sortu dugu webgunean: Ideien Fabrika. Fabrika erakusleiho bat izatea nahi dugu, erakusketa-lekua, zabaltzeko espazio bat eta biltzeko toki bat. Alde batetik, hasi gara euskal ikertzaile eta adituen lanak jasotzen. Bestalde, arituen irakurzaletasuna eta heziketa literarioa sustatzeko ekintzak ere jasotzen ari gara. Adituen eta arituen topalekua izan nahi du Fabrikak. Leku bat non, euskarazko haur- eta gazte-literaturarekiko jakin-mina duenak, akademiaren esparruan egiten diren ikerketen emaitzak eskuratu ahalko dituen. Leku bat, halaber, non eskola-eremuan martxan jartzen dituzten ekintzak eta egitasmoak oihartzuna eta zabalpena jasoko duten. Finean, Ideien Fabrika honek edukia eta jarduna uztartu nahi ditu. Izan ere, sinistuta gaude asko dela egiten dena eta egiten den horretan guztian fokoa jarri nahi dugu. Hasi gara fabrika elikatzen, baina zuek zarete, adituak eta arituak, benetan elikatuko duzuenak. Fabrikara ekartzeko moduko ikerketak edo ekintzak badituzue, ez egin zalantzarik eta jarri gurekin harremanetan.