Hemeroteka

2021-01-25

Hasi da Bikoteka

Galtzagorri Elkarteak, Iruñeko Udalaren babesarekin eta Etxepare Sariko antolatzaileen laguntzarekin antolatzen duen Bikoteka tailerraren bosgarren ekitaldia hasi da. Iruñeko Kondestablearen jauregian elkartu dira sei bikote eta bi hirukote; idazleak eta ilustratzaileak denak. Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak gidatuko dute tailerra.

Gaur hasi eta ostiralera arte lanean arituko dira, goizez eta arratsaldez. Bikote eta hirukote bakoitzak album ilustratu baten proiektua sortzea da tailerraren helburua. Proiektuaren lanketa egiteko tarteak hartuko dituzte eta, bidean, gidariek proposatutako hamaika ariketa egingo dituzte non arte diziplina ugari ekarriko dituzten –zinea, arte plastikoak eta liburuak, besteak beste–. Bihar, asteartean, Ana Ibáñez ilustratzailearen eta Dani Martirena idazlearen bisita izango dute. Biek autoekoizpenari buruz hitz egingo diete. 

Bikotekari hasiera klasikoa eman diote. Parte-hartzaileak aurkezteko objektuak erabili ohi dituzte. Gidariek objektu kuttun bat ekartzeko eskatzen diete eta, norberak bere burua objektuaren bitartez aurkeztu beharrean, objektua erakutsi eta beste partaide batek besteak objektu hori zergatik aukeratu duen "asmatu" behar du. Objektua ekarri duenak benetako azalpena ematen du ondoren eta bere burua aurkezten du. Horiek dira Bikotekak ematen dituen lehenengo istorioak, aurkezpenen bidez jositakoak. Askoz gehiago emango ditu datozen egunotan.