Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-01-31

Hasi da HLG Eskolan ikastaro osagarria

Galtzagorri Elkarteak eta Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saila (UPV/EHU), eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diruz lagundu duen ikastaro osagarria hasi da. Ikastaroak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren homologazioa du.

Xabier Etxaniz Erlek lehenengo eskola eman berri du Donostiako EHUko kanpuseko Irakasle Eskolan. Haur eta gazte literaturaren definizioaz aritu zen Etxaniz, baita euskarazko haur literaturaren historiaz ere. EHUko Gasteizeko Irakasle Eskolako irakasleak pasadizo ugari erabili zituen bere azalpenak argitzeko. Etxanizen azalpenak mamitsuak izan ziren inondik ere; lehenengo eta behin haur literatura zer den zedarritu zuen eta, ondoren, haur literaturaren historian eta, bereziki, euskal haur literaturaren historian mugarriak izan diren obrak nahiz uneak aletu zituen. Adituak haur literaturaren historiaren nondik norakoaren azalpena egiteko, haurraren historiaz ere aritu zen, hots, haurrek historian zehar ian duten tokiaz mintzatu zen.

Adituak ipuin ugari erabili zuen. Are gehiago, bere eskolari hasiera eman zion Patxi Zubizarretaren Usoa hegan etorritako neska ipuina ikasleei ahots goran irakurriz. Txanogorritxo, Mila eta bat gauak, Pipi Galtzaluze, Alizia lurralde miresgarrian eta beste ipuin zein obra askori buruz aritu zen azalpenak eta pasadizoak tartekatuz. Euskarazko haur literaturaz ere mintzatu zen, adaptazioez eta itzulpenez ere bai. Etxanizek modernitateraino eraman zituen ikasleak. Euskarazko haur eta gazte literatura modernoa Mariasun Landaren, Anjel Lertxundiren eta Bernardo Atxagaren lumetatik iritsi zela esateaz batera kasik, ikastaroaren amaiera ordua iritsi zen.

Ikasleak

Xabier Etxanizek hitza hartu aurretik, lehenengo jardunaldia izanik, ikastaroaren arduradun akademikoek aurkezpena egin zuten. Galtzagorri Elkarteko ordezkariak nabarmendu zuen haur eta gazte literatura ardatz hartzen duen unibertsitate mailako lehenengo ikastaroa dela. Halaber, ikastaroaren arduradun akademikoek kurtsoaren ezaugarriak azaldu zizkieten ikasleei, baita eskura izango dituzten EHUko erremintak ere bai.

Segidan, ikasleek ondoan zuten kidearen aurkezpena egin zuten, banan-banan. 30 lagunek parte hartuko dute ikastaroan, eta haietatik gehien-gehienak emakumezkoak dira. Liburuzainak, irakasleak, irakasle izateko ikasten ari diren ikasleak, Berritzeguneetan lanean ari diren irakasleak, literatura-materialak sortzen ari diren irakasleak eta editoreak dira, besteak beste. Ikasle asko eta asko gazteak diren arren, dagoeneko luzaroan jardunean aritu diren ikasleak ere badira. Belaunaldi elkarlana bermatuta dago, horrenbestez. Nafarroatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Arabatik iritsitako ikasleak dira.

Aurkezpenaz gain, ikastaroan izena-emateko arrazoiak ere azaldu zituzten, esate baterako, irakasle prestakuntzan haur eta gazte literaturari dagokion hutsunea sumatu izanak ikastaroa egiteko gogoa sortu diela esan zuen batek baino gehiagok. Hutsuneaz gain, literaturarekiko maitasuna nahiz zaletasuna aipatu zituzten. Bitartekarien prestakuntza ezinbestekotzat jo zuten.

Hurrengo eskolak

Otsailaren 6an, osteguna, Juan Carlos Alonso psikologoak lekukoa hartuko dio Etxaniz Erleri Irakasle Eskolako ikasgelan, 17:00etan hasita. Alonsok haur eta gazte literaturak haur eta nerabeen garapen psikologikoan egiten duen ekarpenaz jabetzeko giltzak emango ditu. Jarraian, ikastaroaren lehenengo blokeari amaiera emango dio Asun Agirianok otsailaren 13an. Agirianok egungo literatura sistemaren gaiari helduko dio, eta ikasleei sistema hori ezagutzeko erremintak emango dizkie dauden baliabideak erabil ditzaten.

Ikastaroak ordu presentzialak eta ez presentzialak hartzen ditu. Irakasle bakoitzak ‘etxekolan’ bat bidaliko die ikasleei. Etxaniz Erlek Txanogorritxoren bertsio berriak aurkitzeko erronka jarri zien ikasleei, esanez, “Txanogorritxo bertsio gehien dituen pertsonaia da”.