Hemeroteka


Elkarbanatu
2021-04-16

Haur antzerkia hizpide HGL Eskolan ikastaroan

HGL Eskolan ikastaroan haur antzerkia genero gisa aztertu dute Intza Alkain irakaslearen eskutik. Nondik edan ohi dugu gure eremuan haur antzerkia egiteko tradiziorik ez badago? Zer estrategia eta errekurtso erabili ditzakegu egoerari aurre egiteko? Galdera horiei heldu die irakasleak eta erantzunak tradizioan eta haur folklorean aurki daitezkeela esan du, «aurreko saioan Yolanda Arrietak ondo erakutsi zigun moduan».

Hasteko, euskal haur antzerkiaren bilakaera historiko labur bat egin zuen Alkainek. XX. mende hasieran, lan gehienek helburu hezitzaile zein moralizatzailea zuten, eta hartzailea ikusle heldua zen. 1970. hamarkadara arte ez ziren sortu antzerki berritzaile eta ideia hezitzaile berriak. Orduan sortu ziren haurrei zuzendutako antzerki lan gehienak euskara bultzatzeko xedearekin betiere; adibidez, txotxongilo taldeak ordukoak dira. Gaur egun,berriz, hizkuntzaren aldarrikapena bigarren planoan dago eta esperimentaziorako joera handiagoa da, baina aldi berean haur antzerkiaren generoa oso berantiarra da eta oraindik ere asko dago egiteko. Izan ere, produkzio eta sormen handia dagoen arren, eskari falta dago eta ikusgarritasuna ere ez da behar adinekoa.

Antzerkiak, oro har, ez du leku handirik eskolan, gutxitan ikusi ohi dira emanaldi eszenikoak, irakurtzeko maiz obra klasikoak eskaintzen zaizkie baina gero ez dago aukerarik obra horiek taula gainean ikusteko. Antzerkiaren lengoaia dramatizazioa da eta hori da eskolak baliatu beharko lukeena genero hau lantzeko. Antzerkia bizi irakaskuntza, jolasa eta ekintza da, eta heziketarako oso tresna eraginkorra da.

Intza Alkainek barrutik bizi du antzerkia eta espazioa eta gorputza lantzeko ariketa praktiko bat egin zuen ikasleekin. Jolasean jarri zituen eta adibide dibertigarriak ipini zituen ikastetxeetan erraz egiteko modukoak non, besteak beste, inprobisazioa landu zuten.

Hurrengo saioan Imanol Mercerok genero narratiboen blokeari ekingo dio eta egungo narratibaren joerei buruz mintzatuko da.