Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-07-17

Haur eta gazte literaturari buruzko kongresua egingo dute

"Haur eta gazte literatura: berrirakurketak eta zeharkako elkarrizketak" kongresua egingo dute azaroaren 23an eta 24an EHUk antolatuta. Bilboko Hezkuntza fakultatean izango da eta ireki dituzte komunikazio-proposamenak zein izena emateko epeak. Biltzarraren helburua haur eta gazte literaturako egokitzapenen, berridazketen zein berrirakurketen inguruan hausnartzea da. Hain zuzen, testuak literatura zein kritika ikuspegi berrietatik berrirakurtzeko asmoa dute. Hala, askotariko gaiak landuko dituzte, hala nola genero- eta egitura-aldaketak, jatorrizkoarekin elkarrizketan ari diren bertsioak, baliabideen translazioa formatuen arteko aldaketan, funtzio, esanahi, zentzu zein literatura motibo berriak esleitzea edo aldaketak eta ezabatzeak egitea. 

EHUren aldetik biltzarraren antolakuntzan eta arduradun zientifikoak honako ikerlariak dira: Maite Aperribay, Mari Carmen Encinas, Iratxe Esparza eta Miren Ibarluzea. Kongresua modu semipresentzialean egingo dute. Aukera egonez gero, presentziala izango da, baina modu telematikoan parte hartzeko aukera izango da. Egoerak hala behartuko balu, komunikazio guztiak online izango lirateke.

Komunikazio-proposamenak egiteko, egileek honako datuak bidali beharko dituzte: egile guztien izen-abizenak, afiliazioa, posta elektronikoa, 15-20 lerroko komunikazioaren laburpena eta 10 lerroko informazio biografikoa. Proposamenak irailaren 7a baino lehen bidali behar dira lijBilbao@gmail.com helbidera. Irailaren 30a baino lehen jakinaraziko da talde antolatzailearen ebazpena. 

Parte hartu nahi dutenek aurrez egin beharko dute ordainketa. 

Informazio osoagoa hemen