Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-05-14

HGL Eskolan hamabigarren jardunaldia: Irakurketa eta idazketa sortzailea lotzen

HGL Eskolan ikastaroko haur eta gazte literaturako genero narratiboen azken saioan Mariasun Landa idazlea izan dugu irakasle. Ibilbide interesgarri bezain oparoa duen idazleak ikastaroaren laugarren atalari amaiera ezin hobea eman dio. Mariasun Landa haur eta gazte literaturak duen euskal idazlerik aipagarriena dugu, arriskuak hartu eta erosotasunen esparruetatik aldentzen dakien idazlea. Ezinezkoa zaigu hemen jasotzea bere bibliografia, baina bere lan eta sari ugarien berri jaso dezakezu sarean.

Mariasun Landak narrazio testuen sorkuntza lantzeko trebetasunak gaitzat hartu ditu bere saioan. Izan ere, sarri irakurketa eginkizunari lotuta bagaude ere, dioenez, literatura irakurtzea eta idaztea txanpon bakarraren bi alderdiak dira. Horrela, Txikiaren handitasuna (Erein, 2018) bere liburua oinarri hartu du eta bertatik bi artikulu irakurtzeko eta aztertzeko aholkatu digu: "Irakurtzea eta idaztea, ontzi komunikatuak" eta "Literatura tailerra ikasgelan".

Ondo moldatzen den bikotea elkarrekin bizitzen jarri du Landak bere saioan, testu propioak produzitzera animatu gaitu, gugan lo edo erdi lo dugun irudimena xaxatu du eta Azken balada (Erein, 2016) narrazioa makulutzat hartuta, idaztera jolastuz, azkenean idazteko premian jarri gaitu.

Motibazioaren abiapuntua ahozko euskal literaturako balada bat izan da, beste eredu-testu bat izan zitekeen –autobiografia bat edo poema bat–, baina euskal baladaren edukia narratiboa da, eta hauxe da funtsean ikastaroaren azken hiru saio hauetan jorratzen ibili garen alderdia.

Aldi berean, irakasleak material baliagarria eskaini digu saioaren osagarri. Batetik, garai bateko Haizea euskal musika taldearen Ura ixuririk abestia entzuteko gonbidapena egin digu, non Amaia Zubiriaren ahots zoragarriak bihotzeraino hunkitu gaituen, oihanean oreinak izango bagina legez. Bestetik, Mariasun Landak eskuragarri jarri digu Jon Juaristi EHUko irakasle izan zeneko saiakera lan bat eta, zehazki, Oreina bilakatu zen neskaren azken balada honen sorreraz gehiago jakiteko artikulua irakurtzea aholkatu digu.

Horrela bada, eredu-testu honen arlo teoriko eta praktikoak zeintzuk diren jabeturik eta proposamen desberdinak aukeratzeko giltzak eskuratu ondoren, baladan oinarritutako testu narratibo bat sortzeko esperimentuari ekin diogu .

Idazle eta irakasle lanetan aritu den adituak, sorkuntza idatziak banaka aurkeztea eskatu die ikasleei, beraz, bultzada emateaz gain, Mariasun Landa luxuzko irakurle ere izan dugu saio gogoangarri eta ezohiko honetan.

Esker mila, Mariasun, zure begirada literarioa emateagatik gure saiakera ez oso literarioetan. Saio iradokitzailea eta berezia izan da. Dozena bat jardunaldi izan ditugu ikastaroan orain arte, eta den-denak kitzikagarriak izan dira.

Hurrengo irakasgaia genero ikonografikoei eskainiko zaien bloke berriari hasiera emango dio. Hain zuzen, Karla Fernandez de Gamboa izango dugu hurrena, album ilustratuen definizio, elementu eta ezaugarriak ekarriko ditu adituak HGL Eskolan ikastarora.