Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-02-28

HGL Eskolan ikastaroaren bosgarren ekitaldia: soziolinguistika eta EHGL

Paula Kasares filologoak eta antropologoak Euskal Herriko egoera soziolinguistikoari erreparatu zion HGL Eskolan ikastaroaren bosgarren ekitaldian. Adituak, modu naturalean, gaia haur eta gazte literaturarekin uztartu zuen. Kasares: “Lotura naturala da. Izan ere, HGL baliabide handia da indarberritze prozesuan dagoen euskara hizkuntzarentzat”. Gaur-gaurkoz, haur eta gazte literatura euskal literatura-merkatuko esparru zabalena da, “euskararen sendotasunaz eta belaunaldi berrien euskarazko sozializazioaz kezkatuta gaudenontzat, ahozko literatura, oro har, eta haur folklorea zehazki, baliabide ezin egokiagoak dira". Adituak honakoa erantsi zuen: “Haurrek, euskara bizirik dagoen herrietan eta familietan, etxean izaten dute haur folkloreko piezekin lehen harremana”.

Irakasleak hainbat obra erakutsi zituen, tartean, Iñaki Arranzen Hitzak azti liburua. Hizkuntzarekin jolastu eta esperimentatu behar dugula esan zuen Kasaresek, ludohizkuntzalaritza egin, hau da, jolastea ardatz duten hizkuntzaren bizipenak eskaini, sormenari lotutakoak eta figuratiboak; hala, hizkuntzaren berreskuratze prozesua indartuko eta sendotuko genukeelako.

Bide batez, Kasaresek Euskal Herriko datu demolinguistikoak eman zituen. Bidenabar, euskararen egoeraren itzal-argiak erakutsi zituen eta azpimarratu zuen, lauzpabost hamarkaden ostean, hasierako axiomak eta ideiak ez direla baliagarriak gaur egungo egoera konplexuari begiratuta. Baieztapen horren isla gisa, egungo kultura-produktuek eta baliabide digitalek literatura transmititzeko bideak erabat aldatu dituztela adierazi zuen. Adituak, haur eta gazte literaturaren harira, haurren euskarazko sozializazioa sendotzeko bi esparru nagusi landu zituen: familia eta eskola. Tarte horretan, bereziki, ikasleen partehartzea interesgarria izan zen familia zein eskola esparruetatik hitz egin zutelako.

Hurrengo astean Alex Gurrutxaga Gasteizko EHUko Irakasle Eskolako irakasleak lekukoa hartuko dio Paula Kasaresi HGL Eskolan ikastaroan. Gurrutxagak irakurzaletasuna sustatzeko printzipioak identifikatzeko eta estrategia egokiak diseinatzeko bideak urratuko ditu ikasleekin.