Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-02-21

HGL Eskolan ikastaroaren laugarren ekitaldia: ikastetxeetako irakurketa planak

Ibon Egaña EHUko Donostiako Irakasle Eskolako irakasleak ikastetxeetako irakurketa planak mintzagai hartu zituen HGL Eskolan ikastaroaren laugarren jardunaldian. Irakurketa literarioaren testuinguruak: gizarte elebidunean irakurtzea eta irakurketaren lekua ikastetxean lerroburua duen bloke berriari hasiera eman zion. Saio parte hartzailea izan zen ikastaroan parte hartzen ari diren ikasle asko eta asko irakasleak direlako eta hainbatek euren ikastetxeetako irakurketa planaren lanketan parte hartzen ari direlako edo parte hartu dutelako.

Zer da irakurtzeko gaitasuna? Ikasle bakoitzak galderari erantzun ondoren, PISAk emandako irakurtzeko gaitasunaren definizioa aztertu zuten haren hutsuneak seinalatu ere bai. Hasieratik irakurketaz orokorrean arituko zela ohartarazi zuen adituak, hau da, ez zela bakarrik irakurketa literarioaz mintzatuko.

Irakurketaren esparrua aletu zuen jarraian, hots, zertarako irakurtzen da eskolan? Ikasteko irakurtzen da, irakurtzen ikasteko irakurtzen da eta literaturaz gozatzen ikasteko irakurtzen da. Aurrera jarraitu aurretik, Egañak bereizketa garrantzitsua egin zuen. Izan ere irakurzaletasunaren sustapena eta heziketa literarioa bereizi zituen. Heziketa literarioa irakurketa planen barruan ez dagoela adierazi zuen.

Hezkuntza sailak Irakurgunea webgunean Euskadiko Irakurketa Planaren oinarriak jaso ditu. Diagnostikoa, helburuak, jarduerak, inplementazioa eta ebaluazioa jasotzen ditu planaren hezurdurak. Diagnostikoa egiterakoan ikasleen eta familien irakurketa egoera aztertzeaz gain, irakasleena aztertzea komeni dela azpimarratu zuen Egañak.

Amaitzeko, ikasleak taldeetan bildu ziren eta adituak ziklo bakoitzeko irakurketa plan baten adibidea eman zien azter zezaten. Jardunaldia oso parte hartzailea izan zen ikasle diren asko eta asko irakasle direnez gero, gaiak zuzen-zuzenean ukitu baitzuen euren jarduna.

Hurrengo ostegunean Paula Casares adituaren mintzagaia Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa izango da.