Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-08-17

Liburu-gomendio bat astero

Portuak. Idazlea: Oihana Arana. Gaumin argitaletxea, 2019.

Asun Agiriano

 

Ez da ohikoa gazteen literatura-sormena lantzeko lehiaketa batean saritutako lanak modu soltean irakurri ahal izatea. Normalagoa da erakundeak saria jaso dutenekin liburu bat prestatzea, ikastetxeetan banatzea eta balizko eskola liburutegian ahaztuta geratzea. Nolanahi ere, sariek josi ditzaketen sareei esker, Gaumin argitaletxeak Portuak, Oihana Arana (Eskoriatza, 2001) idazle gaztearen lana ekarri digu edizio dotore batean.

Aranak bertsolari moduan eskarmentua du. Orain, letren errepublikara salto egin du eta kalitate ederreko testu batean gazte baten gogoetak, bizipenak eta sentimenduak adierazteko ausardia izan du, hain zuzen nerabeen harremanei buruzko narrazio dotorean.

Ilargi Areitio da protagonista, baina bera bezain garrantzitsuak dira ingurukoak, babesa emango diotenak: gurasoak, lagunak eta batez ere aitona Matias. Adiskidetasuna, heriotza, baloreen transmisioa eta portuen obsesioaz ari da idazlea. Narrazioak, tonu intimoan eta poetikoan, nitik kontatzen du nerabe izatetik heldu izaterainoko bidaia emozionala eta afektiboa.

Ez da izan, ordea, idazlearena ahots bakarra, liburua asmo kolektiboaz zipriztinduta dago. Literatura-ekimenean parte-hartzaileen aipuak dira kapituluei hasiera ematen diotenak, Malen Amenabar bertsolariak eta ilustratzaileak egin dio azalaren irudia eta diseinua; argazkiak ere badaude, portu, hondartza eta itsasokoak eta amaierako aurkibidean egile guztien izenak aurki ditzakegu. Mimo handiz zaindutako obra eta idazle gaztearentzat sormen lan ahaztezina da.

Irakurleak liburua aberasten duten aukerak ere baditu: Instagram kontua egin diote Ilargiri, QR irakurgailuak zenbait bideo eta audio ikusteko/entzuteko aukera emango dizute, bizitza birtuala eman nahi dio egileak protagonistari, sormen-esperimentazioarekin bat eginez eta proiektua borobilduz.