Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-09-28

Liburu-gomendio bat astero

Dibulgazio-liburu batekin gatoz!

Everest. Idazlea: Angela Sangma. Ilustrazioak: Lisk Feng. Ttartalo, 2020. 

Munduko mendirik garaienera hurbiltzen gaituen tamaina handiko dibulgazio-liburu bitxia da. Urratsez urrats, irakurlea alpinismoaren munduan murgilduko du Everest mendiari buruz dugun ezagutza zabaltzen duten testu txikien bidez. Liburua bost ataletan banatuta dago. Lehenengoa Sarrera da, non lurrazalaren azpian dagoenari buruzko informazioa jasotzen den. Himalaia mendilerroa nola sortu zen eta mendi bat nola neurtzen den azaltzen digu.

Bigarren izenburuak, Behetik ikusten den mendia izenekoak, hain mendilerro harrigarrira hurbiltzen gaitu, eta inguruko basoko landarediaren berri ematen digu. Halaber, bertakoak mendi sakratu baten oinean nola bizi diren kontatuko digu, besteak beste Khumbu haraneko sherpa herria eta Shambhala kondaira ezagutuko ditugu.

Hirugarrena, Mundu Alpinoa, hitz honen esanahia azaltzeaz gain, fauna alpinoaz, glaziarrez, yakaz eta Gangaren elezaharraz hitz egiten du, eta alpinista bat nola izan behar duen, nola egokitu behar duen altuerara eta oxigeno maskaren beharraz hitz egiten digu.

Laugarrena mendira igotzeko moduaz arduratzen da, arriskuaz ohartarazten digu, bere aurpegi ezberdinak eskalatzeko zailtasunaz, tontorrera iristeko saiakerez, lehen saiakera arrakastatsuaz eta Everesten bizirauteko asmatutako asmakizunez.

Bosgarrenak mendiaren gorenera eramaten gaitu, gizakiaren naturaren aurkako borrokaz mintzo da, Everestean pilatutako zaborraz eta Yeti ospetsuaz ere bai. Everestek hitz egin ahal izango balu zer esango lukeen pentsatzeko tartea emango dio irakurleari.

Azkenean, gai honetan oso interesgarria den glosario bat dago neofitoentzat, aklimatazioarekin hasi eta troposferarekin amaitzen dena, budismoa, ekorregioa, glaziarrak, montzoia edo teodolitoa kasu. Gainera, datu bitxiak daude, hala nola mendikatearen izenen aldea, tibetarren edo nepaldarren izendegiaren arteko aldea, alegia. Mendikateko mendi ezberdinen altuera alderatzen du, bide batez mendi baten altuera nola neurtzen den azaltzen digu. Everest inguruan aurkitutako espezie berriak, fauna, berotze globala eta beste hamaika gai ekartzen ditu. 

Dibulgaziozko liburu bitxia da, jakiteko eta ezagutzeko irrikaz dauden irakurleen arreta bereganatzen duena, baita jakin-minak jota daudenen arreta ere; izan ere, azkenean gauza berri asko jakingo ditu Everest mendiari buruz, bere ingurunera eta gailurrera iristeko zailtasunei buruz, nahiz eta gaur egun bertara igotzeko ia ilara dagoen.

Sangma Francisen testua Lisk Fengek ilustratzen du, kolore leuneko marrazki sinpleekin, kolore zuriaren tonu ezberdinez gain, urdinak eta gorriak nagusi direlarik.