Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-10-26

Liburu-gomendio bat astero

Gau beltza. Idazlea: Josu Ozaita. Ilustratzailea: Joseba Josevisky Larratxe. Txalaparta, 2020.

Asun Agiriano

Urriaren azkena heltzear da. Lehen Domu Santu ospatzen zen eguna Gau beltza bihurtu da gaur. Jadanik supermerkatuan litxarreriek kalabazaren forma hartu dute eta ospakizunetarako ez gauden arren, gaiarekin zerikusia duen liburu bat irakurtzea ere bada festan murgiltzeko modua.

Josu Ozaita antropologoak kandelak jarri eta Joseba Larratxe marrazkilariak argia emanda dator Txalapartako Axuri beltza bildumako ale berri hau. Gezurra dirudien arren, Euskal Herriko hainbat herrietan bazegoen Gau beltza ospatzeko ohitura eta liburuaren protagonistek aitzinako tradizioa gaurkotzeko asmotan dabiltza. Eta, nola? Eskolan agindu dieten lanean buru-belarri sartuta daude, hainbesteraino ezen abentura arriskutsu bat biziko dutela, ditxosozko kalabazen lapurreta eta guzti.

Kontakizunean Anariren ahotsak harilkatzen ditu gertaerak, narrazioan elkarrizketa ugari daude eta hizkuntzaren erregistroa irakurle gaztearengandik hurbil dago. Erreferenteak gertukoak dira -musikariak, sare sozialak, ikaskideen arteko liskarrak- dena umorez zipriztindua eta, hala, irakurtzean, irribarrea erraz agertzen da. Heriotzaren inguruko jaiaz ari bada ere, liburua bizi-bizia suertatuko zaizu.

Bestalde, liburuak heriotzaren inguruan eztabaida eragiteko balioa dezake, bai kalean, baita ikastetxeetan ere. Heriotza funtsezko gaia da bizitzan eta literaturan, eta haurrentzat eta gaztetxoentzat erakargarria da. Ez du zentzurik errealitatea ezkutatzeak.

Liburu honen konpainia ezin aproposagoa da udazkeneko egun motz eta ilunetan.

Ausart zaitez!