Hemeroteka


Elkarbanatu
2021-03-01

Liburu-gomendio bat astero

Tanta baten istorioa. Idazlea: Juan Kruz Igerabide. Ilustratzailea: Lorena Martínez Oronoz. Tarttalo, 2011.

Istorio honen protagonista nagusia tanta bat da, ur tanta ibiltari bat. Liburua irakurtzen hasi orduko, tantarekin batera bidaiatzeko gonbitea jasoko dugu. Amaren sabelean dagoen tanta handituz doa, bizitza bihurtu arte. "Gizakien barru-barruan, arnasa sortzen den lekuan, tanta ikusezin bat dago. Inork ez du ikusten, baina hantxe dago". Bizitzaren eta arimaren misterio handiari buruzko album poetikoa eta samurra da. Leuntasunez idatzitako eta ilustratutako kontakizun hunkigarria, amatasunari buruzkoa. 

Kartonen editatutako tamaina handiko liburua da. Haragi kolore kasi laranja, gorria, beltza eta urdina dira ilustratzaileak gehien erabilitako koloreak tantaren ibilbidea marrazteko. Martínez Oronozek hain berezkoak dituen bihotz gorriak ere ageri dira Igerabideren hitz poetikoekin batera tantaren ibilbidea egiteko.