Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-05-06

Liburu-gomendio bat egunero

Badira ipuin zein bestelako literatura-piezak denboraren herdoilari iskin egin eta bizi-bizirik irauten dutenak. Unibertsalak deitzen diegu. Gaurko gomendioa horren adibidea da. 8 urtetik gorako haur zein helduentzako gomendioa da. Gozatu!

Siberiako treneko ipuinak. Idazlea: Bernardo Atxaga. Ilustratzaileak: Jon Zabaleta, Asun Balzola eta Antton Olariaga. Erein, 2019. 

Erein argitaletxeak duela hiru hamarkada plazaratu zuen Siberia Treneko ipuinak bildumatik, Bernardo Atxagak sinatu zituen lau ipuinak berreskuratu dira liburu honetan, azal gogorreko edizio berri batean: Antonino Apreta, Txiten istorioa, Asto bat hipodromoan eta Jimmy Potxolo.

Ipuinen arteko lotura egileak berak behialako argitalpenetan egin bezala errespetatu dira, sarrerako ohar gisa. Bertan, Siberian zehar trenez egindako bidaia batean ezagutu zituen lau bidai-lagunak aurkeztu eta, denbora pasatzeko, ipuinak kontatzeari ekin ziotela azaltzen du. Bidaiariak, Bernardo Atxaga euskalduna, Boris Atxagof errusiarra, Mc Atxagen ingelesa eta Atxagini italiarra dira. Bakoitzak ipuin bat kontatzen du. Sarrera honek ipuin bakoitzaren hasiera kokatzen du testu bakoitzean aldi oro.

1. Antonino Apreta: Atxagini italiarrak kontatutako ipuina. Protagonista Antonino Apreta da, guztiak zapatari diren herrian, zapataririk hoberena. Halako batean Bonbolino erraldoia agertuko da herrian eta Antoninok zapatak egin beharko dizkio. Hainbat saiakeraren ondoren eta zapata egokiak lortu ezinik, elefante larruaren bila abiatuko den bidai batean erraldoiarenak nola egin sumatuko du heroiak.

2. Txiten istorioa: Mc Atxagen andereak Londresen amarekin bizi ziren hamar txiten ipuina kontatzen digu. Txita zinema-zaleen familian, horren pobre izanik, afaldu edo zinemara joan aukeratu behar zuten egunero. Behin amak hilabete osorako kanpora joan behar eta, izebaren ardurapean geratu ziren. Ihes egin eta zineman ordaindu gabe sartzea lortu zuten. Salako zaindaria eta izeba haien bila agertu zirenean zinemako pantailatik Bakarty James bakero handia irten eta nahikoa diru eman zien txitei handik aurrera afaldu eta zinemara joateko aukera izan zezaten. Asun Balzolaren ilustrazioek Urrezko Sagarra Saria irabazi zuten 1985. urtean Bratislavako Bienalean. Liburu ilustrazio onenei emandako saria da.

3. Asto bat hipodromoan: Boris Atxagof bidaiari errusiarrak kontatuko ipuin honetan Maurizio astoa ezagutuko dugu. Asto berezia da Maurizio, astronomoa da, eta maletetan teleskopioa eta astronomia liburuak eramaten ditu. Lasartevitxeko hipodromora lanera joan zen behin. Hango zaldien irainak eta burlak jasan zituen bolada batez, astoa baino gehiago zirela uste baitzuten. Baina zaldiak ez ziren pozik bizi eta haietako batek ihes egitean nola zigortu egin zuten ikusita, ikaratu egin ziren. Haien kexak entzunda eta beldurra ikusirik, Mauriziok ihes egiteko laguntza eskaini zien zaldiei. Astoaren astronomia ezagutzei esker, eguzki eklipse bat aprobetxatuz, Kaukasora ihes egin zuten guztiek, zaldi basatien lurraldera.

4. Jimmy Potxolo: Liburuko laugarren eta azken ipuina Atxaga euskaldunak kontatutakoa da. Bere herrian bazen galtza eta txapela urdinez jantzitako gizon bat “Irri zaintzailea” zena ogibidez. Bere lana herriko bizilagunak kontsolatzea zen. Behin lapurretak gertatzen hasi ziren herrian; janari dendan, tabernan, pastelerian...eta guztiak kontsolatzen ibili zen Irri zaintzailea: dendaria, tabernaria, pasteleroa.... Irri zaintzaileak lapurra nor zer deskubritu eta harrapatzeko konpromisoa hartu zuen eta ikertzen hasi zen.