Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-03-26

Liburu-gomendio bat egunero

Zein polita den Panama! Idazlea eta ilustratzailea: Janosch. Itzultzailea: Ainhoa Irazustabarrena. Pamiela&Kalandraka, 2010.

Panamara joan ziren tigre txikiaren eta hartz txikiaren istorioa kontatzen du Janosch-ek. Elkarrekin bizi ziren etxe txiki eta eroso batean. Ezeren beharrik ez dute. Halako batean, ibaian banana usaina zuen kutxa aurkitzen du hartzak. Kutxan Panama jartzen du. Panama! Hala, Panama beren ametsetako lurraldea bihurtzen da. Hara joateko prestatzen dira eta bidaiari ekiten diote azkenean toki berera itzultzeko. Bidean baina hamaika abentura bizi eta hamaika lagun ezagutuko dituzte. Tigrea eta hartza iritsiko dira Panamara, bai horixe. Alabaina, hasieran ez badira konturatzen ere, amestutako lurralde hura euren betiko etxea da.

T. S. Elliotek poema batean zioen esplorazioa ez dugula utziko eta itzuleran abiatu ginen toki hartara bueltatu eta hura lehenengo aldiz ikusiko dugula. Hala gertatzen zaie tigreari eta hartzari. Bidaiaz ari da Janosch, abenturaz, bideaz. Bidaia zirkularra da. Irten eta zirkuluari jarraiki abiatzen dira amestutako lurraldearen bila. Abiapuntura iristen dira konturatu gabe, eta hura beste begi batzuekin ikusten dute. Gehiago maite dute euren etxea, ederragoa da orain.

Liburua forman eta edukian zoragarria da. Pamielak eta Kalandrak euren estilo dotorean ekarri zuten. Klasikotzat har daitekeen  obra da. Janoschen samurtasunak hitzetan eta ilustrazioetan bat egiten du, eta eguneroko jarduerak kontakizunaren erdian jartzen ditu. Bizitza txikiaren handitasuna.

Segi, segi denok irakurtzen. Bizi ditugun egun hauek irakurtzeko egunak ere badira!