Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-07-03

Sierra i Fabrak eta Lopezek jaso dute Lazarillo Saria

OEPLIk antolatutako Lazarillo Sariak eman dituzte. Sormen-lanaren atalean Jordi Sierra i Fabrak irabazi du Como lágrimas en la lluvia lanarekin. Album ilustratuaren atalean Carmen López Lópezek La niña fantasma albumarekin. Lazarillo Sariak haur- eta gazte-literaturaren arloan Espainiako estatuko saririk entzutetsuena. Lehenengo deialdia Liburuaren Institutu Nazional ohiak egin zuen, 1958an, haur eta gazteentzat kalitatezko liburuen sormena sustatzeko. 1986tik OEPLIk deialdia egiten du urtero. Bi atal ditu: sormen literarioa eta album ilustratua. Kultura eta Kirol Ministerioaren eta McDonald´s-en babesari esker, saria atal bakoitzean 6.000 eurokoa da. Epaimahaia martxoaren 9an elkartu zen eta sariak uztailaren 2an eman zituzten, osasun krisiaren eraginez atzeratuta.

Lazarillo Sarietako sormen literarioaren atalean 36 lan aurkeztu ziren; 29 narratiboak, 5 poesian eta 2 antzezlan. 23 gaztelaniaz, 11 galegoz eta 2 katalanez idatzita egon dira. Epaimahaiak erabaki du, gehiengoz, Lazarillo Saria Como lágrimas en la lluvia izeneko lanari ematea. Jordi Sierra i Fabra da lan horren egilea, eta "hizkuntza bikaina, elkarrizketa biziak eta didaktismotik urrun dauden hausnarketa indartsuak ditu. Musikarien munduari, haien hizkuntzari eta pertsonen arteko harremanei buruzko deskribapen zehatza duen gazteentzako obra da".

Album ilustratuaren atalari dagokionez, epaimahaiak López Lópezen Una niña fantasma albuma aho batez aulkeratu zuen 30 proiekturen artean, eta nabarmendu zuten  "misterioz betetako atmosfera bat sortzeko trebetasuna, collagea eta aurpegirik gabeko pertsonaia ongi profilatuak erabiliz, testura iradokitzaileekin, non istorioa abileziaz eta sormenez garatzen den”.

 

Irabazleak eta obrak

Jordi Sierra i Fabra Bartzelonan jaio zen 1947an. Espainiako rock aldizkari nagusiak sortu edota zuzendu zituen 1960 eta 1970eko hamarkadetan, eta 1972an argitaratu zuen bere lehen liburua. Bostehun lan baino gehiago idatzi ditu, berrogei literatura-sari baino gehiago irabazi ditu Atlantikoaren bi aldeetan eta hogeita hamar hizkuntzatara itzuli dute. Hiru aldiz Espainiaren izenean ordezkaria izan da Andersen saria irabazteko, eta beste hirutan Astrid Lindgren saria irabazteko. 2007an Kultura Ministerioaren Literatura Sari Nazionala jaso zuen, 2013an Iberoamerikarra bere obra osoagatik, 2017an Arte Ederren Urrezko Domina eta 2018an Creu de Sant Jordi. Bere liburuen salmentak hamahiru milioi aletik gorakoak izan ziren 2020an.

Como lágrimas en la lluvia eleberriko protagonista Grace da, Leo Calvert legendazko musikari baten alaba nerabea da. Zaleak erruz joaten dira aitaren hilobia bisitatzera, zeina Gracek astero garbitzen duen. Zale horietako bat Norman da, Leoren bizitzari buruz idazten ari den kantautore gaztea. Grace eta Normanen bideek elkar gurutzatu eta, jakin gabe, izarraren heriotza misteriotsuari buruzko erantzunak erakarriko dituzte: suizidioa ala istripua izan zen? Elezaharrak mitifikatuak izateko existitzen dira, baina lehen pertsonan bizi dituztenak jazartzen dituzte. Leok abesti mordoa utzi zituen idatzita; bere alargunak, Rebeccak, ez ditu argitaratu nahi. Zergatik? Izarraren heriotzaren urteurrena hurbiltzen ari da eta zurrumurruak berriro zabaltzen ari dira. Enigmaren erantzuna pertsona bakar batek dauka. Eta, bitartean, kantuak zain daude, soto batean gordeta. Como lágrimas en la lluvia eleberria musikako izarren mitifikazioaz haraindi, giza kondizioaz, porrotaz eta arrakastaz, bakeaz eta loriaz, eta, ororen gainetik, maitasunaz mintzo da, maitasuna erredentzio bide gisa.

Carmen López López Madrilen jaioa da eta Almerian bizi da gaur egun. Arte Ederretan lizentziatua da Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Amaitzean, Kultura Ministerioak emandako paisaia-beka bat lortu zuen. Hiru urtez marrazketa irakasle izan zen Madril, Zamora eta Almeriako institutuetan. Bakarkako erakusketak egin ditu Madrilen, Andaluzian, Katalunian, Valentzian, Euskal Herrian, Kantabrian eta Murtzian, eta erakusketa kolektiboetan eta arte-azoketan parte hartu du. Hainbat pintura lehiaketatan saritua izan da. Grabatuko eta estanpazio-tekniketako goi-mailako teknikaria da Andaluziako Juntako Hezkuntza Sailean, eta Andaluziako Arte Plastiko eta Diseinuko aparteko saria jaso du, Hezkuntza Saila 2011 (Liburuari Aplikatutako Arteen Saria). Harrezkero, gero eta gehiago interesatzen zaizkio ilustrazioa eta liburuarekin zerikusia duten arteak.

Una niñas fantasma istorio xumea da, denboraren igarotzeaz eta etxe zaharretan bizi diren presentziak sentitzeko edo imajinatzeko joera handiagoa zegoen garaiaz hitz egiten duena. Baliteke mamu bat, kasu honetan "neskatila mamu bat", gure etxean bertan bizitzea eta familiako beste kide bat izatea. Gatako lurmuturreko herrietako ahozko tradizioan horrelako istorioak kontatzen dira. Mamuak bezala, airean geratzen diren istorio horietako baten interpretazio pertsonala da.