Aholkularitza zerbitzu ibiltaria

2000-2001. urteez geroztik burutzen du Galtzagorri elkarteak Liburuen Altxorra/ Liburu Ibiltariak egitasmoa. Lehena Gipuzkoako Foru Aldundiari esker burutzen du. Bigarrena, Bizkaiko Foru Aldundiari esker egin zuen. Biek ala biek, izen ezberdina duten arren, helburu eta mami bera dute: Gipuzkoako zein Bizkaiko eskola txikietako haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzea, horretarako euskarazko kalitatezko liburuak baliatuz.

Azken urteetan, errealitate zeharo desberdinak topatu ditugu bisitatu ditugun ikastetxeetan, eta egitasmoa errealitate horri egokitzeko asmoz, egun bi adar ditu: Adar batek liburuz betetako gurpildun kutxa ibiltariak ditu ardatz. Eskolaz eskola bidaiatzen dira kutxak eta ikastetxe bakoitzean hilabete inguru egiten dute. Kutxak ireki eta Galtzagorriko adituek kalitate irizpideen arabera aukeratutako liburuen gaineko dinamizazio saioak egiten dituzte. Egitasmoaren beste adarra Aholkularitza Zerbitzu Ibiltaria da. Zerbitzuaren bitartez garai batean eskola txikiak izandakoetan, baina denboraren poderioz hazi diren ikastetxeetan, aholkularitza zerbitzua eskaintzen diegu irakasleei.

Irakasleen Aholkularitza Zerbitzu Ibiltaria burutzeko, neurriz handitu diren eskola txiki horietara bisita egiten du dinamizatzaileak eta horietako bakoitzean irakasleei aholkularitza saio bana eskaintzen die: Euskarazko Haur Literaturan aurreko urtean argitaratu diren liburuen artean gomendagarrienak eramaten ditu (30 bat). Irakasleei liburu horiek aurkezten dizkie eta horiekin zein dinamika landu daitezkeen erakusten die.

                                                                                                  

Aholkulariak

Esperientzia handiko bi profesionalek eskaintzen dituzte aholkularitza saio hauek, hain zuzen kutxa ibiltariak gidatu eta haurrei saioak eskaintzen dizkieten aditu berak: Imanol Mercerok, Gipuzkoan eta Saroa Bikandik, Bizkaian. Laburbilduz, aholkularitza zerbitzu honen helburuak hauexek dira: eskola horiek zein liburu eskuratu behar duten jakiteko aholkuak jasotzea, liburu horiek nola erabili behar dituzten ikasteko materiala euren esku jartzea eta irakurzaletasuna sustatzeko dinamiken inguruko formazioa ematea.

Bi funtzio betetzen ditu zerbitzuak:

- Irakurketa dinamizatzeko irizpideak eman irakasleei: aurkezten zaizkien liburuekin landu ditzaketen gaien eta dinamiken berri emanez.

- Bibliografia gaurkotu: urtero aurreko urtean argitaratutako kalitatezko liburu berriak aurkezten zaizkie irakasleei saio hauetan. Horrez gain, Haur eta Gazte Literaturako zerrenda oso zabala osatzen gabiltza, azken hamasei urteetan euskaraz argitaratu diren liburuekin. Haur Liburutegi bat sortzeko Galtzagorri elkarteak gomendatzen dituen izenburuen hautazko zerrenda da. Etengabe berritzen dugu eta aurrerantzean ere lan horretan jarraituko dugu, oraindik irakurri eta baloratu ez ditugun hainbat liburu berri zerrendara erantsiz. Baita ere, EHGLaren historian argitaratu diren ezinbesteko liburuen zerrendak koltsultagai dituzue.