Praktika onak

Aulestiko eskola - Bizkaia

Aulestiko eskolako 3-4.mailako ikasleak gara eta Galtzagorriak etorri direnean, kurtsoa hasieran abiatu genuen lehenengo proiektuaren aurkezpena egiten ari ginen.

Amaia Arranz Otaegi ARKEOBOTANIKA Tolosarrarren artikulua ekarri zuen irakasleak gelara eta gure buruari galdetu genion zer jaten ote zuten antzinako gizakiak.

Galdera horri erantzuteko, duela 14.000urteko kobazuloetako gizakia nola bizi zen ikertzen hasi ginen. Makina bat liburu irakurri genituen ikasturteko lehenengo proiekturako: “Ehiztari biltzaileak” izena jarri genion. Nola eta non bizi ziren, zer jaten zuten..Lanketa guztiaren bukaeran antzerki bat muntatu genuen.

ANTZERKI BIDEZ ASMATUTAKO IPUINA KONTATZEN

Antzinako gizakien sinesmen kontuekin jarraitu genuen eta Euskal Mitologiarekin topo egin genuen. Berehala hasi ginen ipuin mitologikoak irakurtzen eta lantzen, gure eskolako txikienei kontatzeko.

IPUIN MITOLOGIKOEN IPUIN KONTALARI EGUN BATEZ

Egunkari bat ere idatzi dugu ikasi duguna Aulesti mailan zabaltzeko, eta pentsatu dugu Galtzagorriei ere bidaltzea, Euskalerrian zehar zabaltzeko.

Gabonetan “Familiako Zuhaitz Genealogikoa” landu genuen etxean, gure hurbileko arbasoei buruz jakiteko eta Gabonetako mahaiaren bueltan nagusiei entzundakoa ikaskideei kontatzeko.

Oporretatik bueltatu ginenean, “Aulestiko Zuhaitzak” lantzea pentsatu genuen. Azken finean Aulestiko zuhaitzak, Aulestiko beste biztanle bizidunak dira. Gainera, Azaro Fundazioarekin batera dugun “Talentatu” proiektuaren barruan kokatzeko gai egokia zela iruditu zitzaigun.

“Talentatu” programaren helburua Lea-Artibaiko talentua bertan geratzea eta bertokoa izateko harrotasuna lantzea da. Lea-Artibaiko ikastetxe guztiak parte hartzen dugu proiektu erraldoi honetan.

ATERA ZAITEZ ITZALETATIK

Shell Silversteinen ipuinaren moldaketa

AULESTIKO ESKOLAKO 3-4.MAILAKO IKASLEEK MOLDATUA

 

 

Bazen behin LUR izeneko neskatxa bat Aulestin bizi zena.

Egun batean URREGARAI mendi aldera joan zen eta zuhaitz batekin topo egin zuen

- Zein zuhaitz ederra! Hau ez da besteak bezalakoa.

- Eskerrik asko neskatxa, baina…nor zara zu?- erantzun zuen zuhaitzak.

- Ene! Hitz egiten duzu eta… ni Lur naiz eta, aulestiarra naiz!. Eta zu? Ba al duzu izenik?

- Ni haritz bat naiz, eta “Handi” dut izena. Lehen Urregaraiko hariztian bizi nintzen baina, lur honen jabeak nire familiakoak akabatu zituen eta pinuak landatu haien partez- erantzun zion goibel zuhaitzak.

- Benetan? Negargura ere etorri zait bat-batean- eta isilune bat egin zen une batean.

- Niri zuhaitzekin jolastea gustatzen zait- esan zion Lurrek zuhaitzari.

- Bada, niri ipuinak entzutea. Ba al dakizu baten bat?- galdetu zion zuhaitzak.

- Noski baietz! Arratsaldero etorriko naiz basora, zuri ipuinak kontatzera.

Bere haurtzaro guztia pasatu zuen Lurrek zuhaitzarekin jolasean eta ipuin kontalari gisa.

................................................................................

Urteak pasatu ziren eta Lurrek bere familia osatu zuen. Afrikatik etorritako Mamadou ezagutu eta hiru seme-alaba izan zituzten: Salma, Mikel eta Lea.

Askotan joaten ziren Urregaraiko zelaira asteburuak pasatzera.

- “Handi”emango al dizkiguzu adar batzuk sua egiteko? Gaur hotz handia egiten du- galdetu zion Lurrek haritzari.

Zuhaitzak astindu zituen bere adarrak eta makila mordo bat jauzi ziren lurrera.

- Hartu nahi dituzun guztiak!

....................................................................

Urteak igaro ziren berriro ere eta umeak nagusitu ziren. Bilboko unibertsitatean zeuden bitartean, Lur eta Mamadouk denbora gehiago zuten elkarrekin egoteko eta Urregaraira igo ziren astebete pasatzera.

- “Handi” emango dizkiguzu ezkur batzuk Aulestin zehar landatzeko?

- Hartu nahi dituzun guztiak!

Mamadouren laguntzarekin zuhaitz gainera igo zen Lur eta otarra bete ezkur jaso zituen.

Urte pila bat pasa ziren berriz ere. Aspaldian ez ziren igo Urregaraira Lur eta Mamadou. Izan ere, zahartuta zeuden jadanik.

Igande batean, ilobak joan zitzaizkien bisitan.

- Amona, joango gara Urregaraira haritz zaharrarekin jolastera?- galdetu zion iloba txikienak amonari.

- Nire hanka zahar honek ez dit gehiegi laguntzen baina nahiko nuke bada, joan...

Esan eta egin. Urregaraira heldu zirenean, pinudiaren jabea eta langileak zuhaitzak mozten ari ziren motozerra eta aizkorekin.

Familia guztia haritzaren inguruan jarri zen:

- Ez moztu zuhaitz hau, gure laguna da!- protestatu zuen Lurrek.

- Urregaraiko azken haritza da!-esan zuen iloba txikienak.

- Eta guk asko maite dugu- jarraitu zuen Mamadouk.

Baina gizonek ez zuten esandakoari kasurik egiten.

Mamadou atera zen motozerrak gelditzera. Zoritxarrez pinu bat erori zitzaion gainera eta zerraldo hilda geratu zen.

....................................................

Lurrek laurogeita hamar urte bete ditu eta Mamadou hil denetik ez da berriro Urregaraira bueltatu.

- Salma!, Mikel!, Lea! eramango nauzue Urregaraira azkenenengo aldiz?

Ilobek amona eraman zuten Urregaraira. Haritzaren enbor zati bat besterik ez zen geratzen eta Lur, haren gainean eseri eta haritzaren uztaiak kontatzen hasi zen.

- Hirurehun. Hirurehun urte zenituen. Hainbeste eman didazu nire bizitza guztian…ezin izango dizut inoiz eskertu- eta malkoa erori zitzaion enbor zatiaren gainera.

Momentu hartan, haizeak zuhaitzaren ahotsa ekarri zion

- Nik ere maite zaitut Lur, milaka zuhaitz hazi dira jadanik Aulestiko herrian eta hori zuri esker izan da.

- Zeu zara ,Handi?- zuhaitza berbetan zegoela iruditu zitzaion Lurri- Hementxe etzango naiz zure ondoan txikitan bezala ipuin bat kontatzera.

Ilobak etorri zirenean amuma hilda topatu zuten zuhaitzari besarkatuta. .Bere ilea hostoz beteta zeukan.