Praktika onak

Basakaitz Herri Eskola - Gipuzkoa

Galtzagorri Elkarteak egiten duen lanari esker, ”Liburuen altxorra” proiektuan parte hartzen dugu urtez urte. LHko haurrek ipuin mailegua egiteko aukera bikaina eskeintzen du kutxa ibiltariak. Liburu hauek eskolako liburutegiko apal batzuetan egoten dira eskola osoaren eskuetan. Bestalde, proiektuaren amaieran Galtzagorri elkarteko kidea den Imanol gerturatzen da ipuin ezberdinen aurkezpena egitera. Haurren gozamena nabaria izaten da eta oso aberatsa izan ohi da irakaslegoaren artera hainbat eta hainbat ipuin interesgarri ezagutzera emateko ere.

                                                          

  • IRAKASLEEN KONTAKETA ETA IRAKURKETAK

Ostegun arratsaldetan, “irakasleen kontaketa eta irakurketak” izaten ditugu. Bertan HHko eta LHko 1-2 mailako ikasleek entzule gisa parte hartzen dute. Lau ipuin-liburu izaten dira aukeran (bi euskaraz, bat gazteleraz eta beste bat ingelesez). Liburuak lau astez berdinak izaten dira. Haurrek zein kontaketa/irakurketara joan nahi duten aukera egiten dute. Hizkuntza bat baino gehiago bermatzeko asmoz, ipuin bakoitza bitan baino gehiagotan ezin izango dute aukeratu.

                           

Txikienak eskolako sarreran daukagun kortxoan ipuinaren aukeraketa egiten. HH 4-5 urtekoak liburutegian ipuinen aukeraketa egiten.

  • TERTULIA DIALOGIKOAK

Irakasleak proposaturiko liburu baten inguruan bi tertulia dialogiko egin ditugu LH 3 eta 4.mailakoekin ostegunetan. Liburuaren aukeraketan ezinbestekoa izan da Galtzagorri Elkarteko Imanolen laguntza. Berak aholkatuta, “Mikel eta Mikaela” eta “3 katu kontu” liburuak irakurri ditugu eta oso esperientzia positiboa izan da. Datorren ikasturtean errepikatzeko modukoa.

                            

  • OSTEGUN ARRATSALDEAK

LH 3-4-5 eta 6.mailakoak ostegun arratsaldero liburutegira jaisten dira. Bertan irakasleak “Matilda” eleberria irakurri die besteak beste, eta horretaz gain tartea izan dute lasai nahi duten liburua irakurtzeko. Oraingoan amaiera modura “Matilda” filma ikusteko aukera izan dute. Liburutegiko liburuen mailegua egiteko ere aprobetxatzen dute arratsalde hau.

                                          

  • ESKOLAKO LIBURUTEGI BERRIA

Eskolan ireki berri dugun liburutegia primerako lana egiten ari da. Irakasle baten ardurapean dago eta bera arduratzen da gune hau eroso, txukun eta funtzional izateaz. Haurrek bertako liburuen mailegua modu sistematizatuan egiten dute.

                                  

  • IRAKASLEON ARTEKO HAUSNARKETA

Klaustrokideen artean sakon aritu gara irakurketa/idazketaren inguruan hausnartzen eta benetan ondorio aberatsak atera ahal izan ditugu. Hausnarketa eta ondorio hauei esker, esku-hartze pertsonalizatu eta hobeago bat eskaintzea espero dugu. Ostegun eguerdiak erabili ditugu hausnarketa egiteko eta ondorioetatik irakurketa plana sortu dugu.

  • IKASLEEK BESTE IKASLEEI KONTAKETAK

Tarteka, ikasleek ipuin-kontaketak eskaintzen dizkiete txikiagoei. Une politak ikusten dira beraien arteko elkar-trukatze honetan ere.

                                    

  • GURASOEN PARTE HARTZEA

Gurasoen parte hartzeari garrantzi handia ematen diogu eta aukera dagoen oro egiten zaie gonbita. Elkarbizitzari garrantzi handia ematen diogu gure eskolan. Argazkian ikus daitezkeen bezala, kasu honetan hiru guraso izan genituen gurekin, bakoitzak bere ama hizkuntzan kontatu zuen ipuina eta guk ere eskerrak eman nahi izan genizkien beraien ama hizkuntzan.

                                                                  

  • ANTZERKIAK

Aurtengoan, HHko 4-5 urtekoek bi ipuin oinarri hartuta antzerkiak prestatu dituzte.

  • Otsoa itzuli da!
  • Munduko zoparik onena!

Ondoren, inguruko eskola txikiei eta herriari begira bi antzerki horien emanaldiak egin genituen.

                                                 

  • BIKOTEKA IRAKURTZEN

Bikoteka irakurtzen teknika erabili izan dugu ikastetxean LH 3-4-5 eta 6.mailetako ikasleekin irakurketa hobeagotzeko eta testu mota desberdinak lantzeko helburuarekin. Honen inguruan jarraitu beharreko pausoak ere idatzi dituzte ikasleek eta irakasleek elkarlanean.

                                                             

PAUSUAK:

                               

  • IRAKASLEEK IKASLEEI IRAKURKETAK

Irakasleek ikasleei irakurtzeko joera dugu gure eguneroko programazioaren barne. Adibidez LH 3-4an momentu honetan Joxemari Iturralde-ren “Londresen nago aitonarekin” irakurtzen ari zaie tutorea eta oso engantxatuta daude ikasleak. Liburu hau Galtzagorri Elkarteko web orriko “ezinbestekoak” ataletik aukeratu du irakasleak.

                                                       

  • GOIZEKO BAKARKAKO IRAKURKETA LH 1-2

Printzipioz, goizeko lehenengo 10 min banakako irakurketa egiteko erabiltzen dira. Irakurtzen diren testuak anitzak izan ohi dira: poesiak, bertsoak, azalpen testuak, …. Irakurketa ongi prestatua dutenean besteei irakurtzeko aukera izaten dute.

                                                    

  • GURASOEN TXOKOA

Ikasle batzuen eskaera zela eta, neguko jolastordu batzuetan sarrerako “guraso txokoa”n lasai eta goxo irakurtzen egoteko aukera eskaini zaie ikasleei.