Marrazioak

2008an hasi zen Galtzagorri elkartea MarraziOak tailerra antolatzen Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker. Orduan Artelekun egiten zuten. Ilustratzaileei bakarrik zuzendutako tailerra da hala hasiberriak nola kontsakratuak; tarteren batean idazleei eta ilustratzaileei zuzendutakoa izan zen, baina ilustratzaileentzako tailer gisa egonkortu zen. Udazkenean egiten da Donostiako Komikigunean eta urtero gai batetik tiratuta egiten dute lanketa. Irakasleak txandakatu egiten dira: Ignasi Blanch ilustratzailea-Harkaitz Cano idazlea eta Elena Odriozola ilustratzailea-Gustavo Puerta haur eta gazte literaturan aditua.

MARRAZiOAK XI

ERREZETARIK EZ DAGO. Ilustrazio eta sukaldaritza, sukaldaritza eta ilustrazio tailerra

ELENA ODRIOZOLA eta GUSTAVO PUERTA

2019ko irailaren 16tik 20ra

Hona hemen MARRAZIOAK XI sukaldaritza eta ilustrazio tailerrak emandako fruituen lagintxo bat:

  • IBAN ILUNA - "Tarta de queso de Lavigne" lana osatzen duen irudietako bat:

 

  • ASIER ITURRALDE - GASTON - "Joxe Miel. Los mejores "txipis" del Cantábrico" lanaren lagin bat:

Liburu-albumek eta errezeta-liburu ilustratuek antza daukate. Bi generoetan sekuentzia bidez egiten da narrazioa. Bietan testua eta ilustrazioa osagarriak dira. Teorian irakurlea aintzat hartuta sortuak dira biak ala biak. Areago, bi generootan arazo berberak sor daitezke, hala nola estetizismoa, didaktismoa, zapore eza ala gehiegizko gozoa.

Komunean dituzten ezaugarriez gain, bi generoak elkar lotu daitezke istorio bakarrean non pertsonaia nagusiak errezeta bat elaboratzen duen. Hala bada, baten egitura –osagaiak, prestaketa eta emaitza– eta bestearena –hasiera, muina eta amaiera– ondo-ondotik doaz. Bietan narrazio unitate horrek derrigor funtzionatu behar du sukaldaritzako planoan nola fikzioaren planoan.

Azkenik, antzekotasunak aurkitu daitezke sukaldariaren eta ilustratzailearen ofizioan. Alde batetik, hainbat teknika eta elementu/osagai gutxi batzuk gobernatu behar dituzte sortutako horrek bat eta bakarra balitz bezala funtzionatu dezan. Halaber, tradiziotik edaten dute, kultur konbentzioak erabiltzen dituzte edo bogan dauden joerei muzin egiten diete ala onartzen dituzte.

Finean, sukaldaritza eta ilustrazio tailerra proposatzen dugu, non errezeta baten narrazioa egingo dugun eta sukaldean liburu bat gertatuko dugun.

METODOLOGIA:

Goizeko jarduerak sukalde bueltan antolatuko ditugu, eta jatekoen prestaketa ardatza izango da. Arratsaldeko jarduerak, aldiz, ilustrazioan zentratuko ditugu. Lantaldeak osatuko ditugu egunero, eta sukalde lanak prozesuaren erregistro grafikoarekin tartekatuko ditugu, baita elkarrekin prestatutako jatekoekin ere. Bazkalostean, jarduera bakoitzean sortutako zirriborroekin lan egingo dugu. Honakoak dira landuko ditugun gaietako batzuk: osagaiak eta irudiaren esanahia, sukaldaria eta narratzailea, errezeta eta sekuentzia, sukaldaritza-teknikak eta teknika artistikoak, ikuspuntua eta zaporea. Ibilbide hori egiteko adibide bibliografikoak eta ikus-entzunezkoak erabiliko ditugu. Finean, parte hartzaileei liburu-album errezeta bat osatzen lagunduko dien materiala erabiliko dugu.

Tailerrean parte hartzeko interesa dutenek atariko plater baten, plater nagusi baten eta postre baten ilustrazioa bidali beharko dute. Platerak aukeratzerakoan kontuan izan beharko dute plater horien guztien elaborazioa ikastaroan zehar egin ahal izan beharko dutela; ez dituzte, hala ere, guztiak prestatu beharko. Marrazkiaren kalitatea baloratuko da, baita errezetak sortzen duen gosegarria ere.

IRAKASLEAK: Elena Odriozola eta Gustavo Puerta

NOIZ ETA NON: 2019ko irailaren 16tik 20ra, Undermount-en (Aita Orkolaga pasealekua 46, Igeldo, 20008, Donostia). * Donostiako autobus linea bertan geratzen da, 16. zenbakia, Donostiako Gipuzkoa plazan hartzen dena. Ordutegi jarraitua izango du aurten tailerrak: 10:00etatik 17:30etara, ordu erdiko atsedenarekin. Bertan sukaldatu eta bazkalduko da.

Gehienez 10 irudigilek hartuko dute parte. Parte hartzeko baldintza orokorrak:

• Parte hartzaileek Euskal Herrikoak izan behar dute.

• Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea baloratuko da.

• Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea ere kontuan izango da.

• Parte hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan behar.

Topaketa hauetan formazioa doan eskainiko zaie irakasleek aukeratzen dituzten 10 lagunei. Guztira, 35 orduko tailer praktikoa egiteko beka bana eskuratuko dute.

IZEN EMATEA:

• Ilustratzaile bakoitzak hiru plateren ilustrazioak bidali beharko ditu: atarikoa, plater nagusia eta postrea.

• Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko du:

- Curriculuma

- NANaren kopia bat

- Posta elektronikoaren helbidea

- Telefono zenbakia

Dokumentazioa wetransfer bidez bidali beharko du administrazioa@galtzagorri.eus –era.

Eskaerak aurkezteko azken eguna 2019ko uztailaren 12a izango da. Aukeratutakoei 2019ko uztailaren 28rako erantzungo zaie.

ANTOLATZAILEAK: Galtzagorri Elkartea eta Gipuzkoako Foru Aldundia

 

MarraziOakXI - "Errezetarik ez dago"
Naufragotilus Nautilusfrago - MarraziOak III
MarraziOak II Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch
MarraziOak - Ilusionismoa
Marrazioak VIII lehenengo eguna. Ignasi Blanch
Gustavo Puerta - MarraziOak IX
Gustavo Puerta MarraziOak IX
MarraziOak IV. Elena Odriozola eta Gustavo Puertari elkarrizketa.