Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Bularretik Mintzora

Idazlea: Itziar Zubizarreta Ayerbe

Ilustratzailea: Elena Odriozola Belįstegui

Argitaletxea: Galtzagorri Elkartea

Urtea: 2007

Adina: 0tik gora


Laburpena:

Asko dira azken urteotan euskal tradizioa jasotzeko egin diren ahaleginak: haur txikientzako hiztegi asko argitaratu dira han eta hemen, Mixeri eta Mau dut gogoan hezitzaileentzako DVD batekin zetorrena, edota IBBYko ohorezko aipamena jasoa duen Urrezko giltza lana. Batzuk ongi zabaldu dira,tradizioa eta transmisioa ongi uztartu dira,baina beste batzuk guztiz oharkabean geratu dira –edo emaitza erdipurdikoa zen– eta tradiziotik datorkigun altxorra pipiak jota geratu da berriro ere.Bularretik mintzora du izena Juan Kruz Igerabidek ahozkotasunari buruz argitaratu zuen entsegu liburu ederrak, eta Bularretik mintzora izenarekin datorkigu ahozkotasunaren kutxa den CD-liburuxka eder hau ere, proiektu baten ikur izango litzatekeena.Proiektuaren berri hedabideen bitartez heldu zitzaigun. «Helburu nagusietako bat 0 eta sei urte bitarteko haurrengan irakurtzeko ohitura sustatzea da guraso eta hezitzaileen bidez, haien ingurune naturalean: etxean, eskolan eta liburutegian.» Baina proiektu horrek kokapen zehatza izango du, jarraipen zehatza, eta horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzaz, Tolosa eta gero, Iurreta, Ermua, Oñati eta Amurrio aukeratu dira, eta bertan landuko da Juan Kruz Igerabide poeta, Juan Karlos Alonso psikologoa,Pello Añorga kontalari eta Itziar Zubizarreta adituaren bitartekaritzaz.

Dena dela, liburudendetan liburuekin batera ageri den CD-liburuxka hau, bere horretan, oso produktu ederra da. Bere kalitatea dela eta, gaztelaniazko Kókinos argitaletxeko Un libro, un CD bakana dakarkit gogora, eta bereziki A la sombra del olivo liburu ederra, Magrebeko hainbat kantu dakarzkiguna. Esan bezala, 0-6urteko haurrak ditu gogoan, eta haien hezitzaileak, gurasoak batik-bat, eta Bularrean, Magalean, Jolasean, Hizketan ataletan hainbat kantu, poema eta ipuin topatuko ditugu, baina ez edonola: Itziar Zubizarreta beraren, Juan Kruz Igerabide beraren, Pello Añorga, Lourdes Etxebarria eta Miren Agur Meaberen ahotsetan –eta ezin aipatu gabe utzi hitzarekin bikain uztartzen den Aurélio Edler Copésen musika garaikidea, lanari halako kadentzia guztiz propioa ematen diona eta Oihane Igerabideren harparekin eta Iñaki Telleriaren perkusioaren bitartez datorrena–. Hitz eta hots zaharrak formatu berrian datozkigu, txalapartaren bihozkaden bitartez, haurrari begietara begiratzeko eta sehaska kantuak kantatzeko, atzamarrak erakusteko, mina kentzeko… Emaitza, Elena Odriozolaren marrazki minimalistek apaindua, proiektuaren barnean edo nork bere familian-eskolan lantzeko ederra da, eta iraganetik etorkizunera bideratua.


Bularretik Mintzora