Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Eztia eta ozpina

Idazlea: Patxi Zubizarreta Dorronsoro

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 2018

Bilduma: Ostiral Saila, 42

Orri kopurua: 146

Adina: 14tik gora


Laburpena:

Nobela ospetsuaren 25. urteurrena ospatzeko ateratako argitaraldi berezia da, idazlearen atze-ohar batez jantzia, beste berrikuntza batzuekin batera.

Nobelak historia garaikideko gertakarien ispilu gisa funtzionatzen du, bereziki migratzaile gazteen ibilerak erretratatu nahi ditu, alderdi gizatiarrena azaleratuaz, abentura kontakizunen adrenalina eta emozioari muzin egin gabe.

Istorioa 1990ko hamarkadan kokatuta dago.

Herrixka batean bizi da Selim, Atlas mendietan. Frantziara joan nahi du, ordea, anaia zaharrenak duela denbora bat hartu zuen bide beretik. Jakin, ez daki asko --anaiaren arrastorik ez--, soilik hitz erdizka ateratzen diona, urtean behin bisitan etortzen zaien herrikideari. Bideaz zertxobait gehiago badaki, kontu hauek airean bezala zabaltzen direlako: Lehenik Marrakexera iritsi, ondoren Gibraltarreko itsasartea gurutzatu, hurrena Espainia osoa, eta azkenik ametsetako Frantzia...

Selimek berak ematen dizkigu azalpen hauek, eta askoz gehiago ere, liburuaren lehen atalean, bera baita bere ibilbideen berriemaile, bere bizipenen kronista.

Irakurleok dakiguna Selim berak kontatzen diguna da, barne-barnetik zer bizi, pentsatu, eta sentitzen duen.

Bigarren atalean jauzi egiten da zentzu guztietan. Narrazioa beste denbora, leku, eta ahotsean kokatzen zaigu.

Gasteizen gaude orain. Selimen ahotsa galdu dugu, eta Estherrena etorri zaigu. Eguneroko bat bailitzan, Selimi zuzendutako hizketaldi hunkituan. Logikak agintzen duenez, ez da bidaiaren kronika zuzen bat, baizik eta zeharkakoa, Estherren lumatik eratorria. Liburuaren une honetan indarra migratzaileen errealitatean jartzen da, harreman pertsonaletan bezainbat, fenomeno globalak eta pertsonalak gauza beraren bi ikusmolde direla erakutsiz.

Hirugarren eta azken atala, laburrena da: Ttipi-ttapa aldizkariak mugalari bati egindako sasi elkarrizketa. Dokumental faltsuen ezaugarriak erakusten ditu. Honez gero hunkitua egongo den irakurleari, azken oharra emanez.


Eztia eta ozpina