Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Gerlari zuria

Idazlea: Joanes Urkixo Beitia

Argitaletxea: Elkar

Urtea: 2003

Bilduma: Apirila

Adina: 14tik gora


Laburpena:

Gerlari zuria abenturazko eleberri bizi-bizi bat da, “fantasia heroikoa” edo “ezpata eta sorginkeria” deitzen den generoaren barruan sar litekeena. Irlandako nahiz Euskal Herriko leiendak uztartuz, Fionn gerlari gaztearen historia kontatzen digu: ezpata magiko batek bera hautatuko du irlandarren errege, baina klanen arteko borrokak eta bere txoriburukeriak hondamendia ekarriko die bai berari bai irlandarrei; horren ondoren deserrirako bidea hartuko du, eta horrela iritsiko da Urdaibaiko itsasadarrera, non abentura berriak izango dituen zain.
Egitura guztiz neurtua du Gerlari zuria-k (planteamendu edo hastapena, korapilo edo garapena, askatzea edo burutzapena, oreka perfektuan) eta erritmoak ere ez du huts txikiena uzten; horri esker, lehenengo orrialdetik bertatik geratzen da irakurlea harrapaturik, eta pertsonaien eskutik joango da, abenturaz abentura, amaiera biribilera iritsi arte.<BR>
Irakurlea harrapatze hau azaltzeko orduan kontuan hartu behar dira idazlearen beste baliabide batzuk ere: estiloa arina eta dotorea da aldi berean, elkarrizketa bizigarriz hornitua, eta pertsonaien eraikuntza trebeziaz egin da, bai bigarren mailakoena, bai –batik bat– protagonistarena: Fionnek era askotako sentipen eta emozioak izango ditu nobelan zehar, eta bere bilakaeran iniziazio-bidaia antzeko bat sufrituko du; hartara, pertsonaia hurbila eta identifikatzeko modukoa izango da gaurko gazteentzat, nahiz berez garai urrun eta zehazgabe batekoa izan.<BR>
Komikian, rol jokoetan edo zineman frankotan erabili izan diren gai eta teknikak bereganatu ditu Joanes Urkixok eta literaturara ekarri. Horregatik espero dugu irakurle berriak ere erakarri ahal izango dituela obra honek.


Prentsako aipamenak:


- Javier Rojo, El Correo, 2003ko azaroak 19 Joanes Urkixok gustokoa du abenturetako literatura idaztea, gazteei zuzendutako liburuetan behin baino gehiagotan erakutsi duen bezala. Oraingoan ere bide bertsutik doan nobela bat plazaratu du, "Gerlari zuria" izenburua duen idazlan honetan. Apirila Saria ere merezi izan du liburu honek. Euskal tradiziotik eta tradizio zeltikotik hartutako legendak eta istorioak erabiliz, idazleak mundu mitiko batean kokatzen du nobelaren argumentua, eta pertsonak eta izaki harrigarriak, munstroak eta botere magikoak dituzten ezpatak, aztiak eta gerlariak aurkezten ditu bere istorioan. Fantasia heroikoaren esparruko istoriotzat har daiteke, baina istorioen jarorria ikustia, erromantizismoaren eraginez sortutako literatura historiko-legendariotik hurbil dagoela esan daiteke. Gazteei zuzendutako liburua denez, abentura da nagusi liburu honetan, eta alde honetatik erritmo biziko liburua lortu du idazleak, dudarik gabe. Edonola ere, bertan kontatzen direnak beste liburu askotan hainbat aldiz agertutako motibo eta istorioen antzekoegiak dira. Tolkien-i esker honelako literatura modan jarri debe berriro eta irakurleak halako eredutik itxaron dezakeen guztia, gehiago ez baina gutxiago ere ez, eskaintzen da hemen.
- Xabier Etxaniz Erle, Behinola 9.zenbakia 2003ko azaroa Abenturen zurrunbiloan

Joanes Urkixoren azken nobelan murgiltzen den irakurleak lehendabiziko orrialdetik nabarituko du hureengoak irakurtzeko gogoa. Izan ere, Fionn gaztearen inizizio borroka batekin hasten den nobela honetan irakurleak etengabeko erritmo bizian ikusiko du bere burua. Irlandan lehenengo eta Bizkaia eta Arabako lurretan ondoren, Fionn gaztearen ibilerak, zlantza uneak, maitasun kontuak eta borrokak ezagutuko ditu gazte nobela honetara hurbiltzen den irakurleak.

Gerlari zuriageneroko nobela dugu, ezpata eta magiaren istorioa, Irlandako klanen eta hemengo sorginen kontakizuna. Baina Urkixok nobela klasiko honetan (klasikoak baitira erabiltzen dituen elementuak) elementu berriren bet edo beste sartzeaz gain, eta horretan amaiera adibide garbia dugu, Urkixok ederki kontatzen duela adierazten digu. Edo beste modu batean esanda Urkixok gaur egungo irakurlea harrapatzeko gaitasun narratibo aparta erakusten du nobela honetan; deskripzio urri eta zehatzak, elkarrizketa biziak, hitz gutxitan adierazitako giro lortua... gaur egungo esperientzia audiobisualarekin erlazionaturik daude, eta ahozko literaturan hainbat ezaugarrirekin. Protagonistak, esaterako, batez ere bere ekintzen bidez deskribatzen baitira. Bestalde, gaiztoa eta onaren arteko bereizketa oso garbia da ipuin tradizionaletan gertatzen den bezala. Magia beltza, ezpata eta abenturazko nobela honetan irakurle gaztea Fionn protagonistarekin identifikatzen da lehenengo kapitulutik, bere adineko mutikoa da nobela hasieran; aurrerago. ordea, mutiko hori gizon bihurtuko da, nahiz eta nobelan elementu hori oso gainetik igarotzen den (nabarmenagoa da, adibidez, aldaketa hori Fionnen anaiaren kasuan), eta horrela, hastapenetako identifikazioa nobela guztian zehar mantendu. Beste zenbait kontutan, ordea, progresioa nabaria dugu, Fionn eta Tabiraren arteko maitasunean edo Belasko gazte bizkaitarrarekin duen harremanean, esaterako. Hala ere, kontu hauek, gertakari zenbaiten intentsitatea, nobelaren helburu nagusiaren zerbitzua daude, ekintzen bizitasuna eta abenturen garapenen zerbitzua. Horrela, Fionnen etsipen sentimenduak, tarako gertakarien ondorengo egoera hori, batik bat ekintzen bidez adierazten zaizkigu. Fionnek txalupan hil nahi du, bere burua abandonatu, baina lehorrera iristerakoan, amorraturik, ezkutua eta ezpata urrutira jaurtiko ditu, itsasondora joan daitezen infernuto atea zabaldu zuen ezkutua eta bere aita hil zuen Birgha ezpata madarikatua. Irakurleak ez daki zehatz-mehatz Fionnek ondorengo urteetan sentitzen eta pentsatzen duena, nahiz eta nobelako narratzailea orojakilea izan, horren ordez, idazleak bizpahiru ekintza azaltzen dizkigu, nahikoa arestian aipaturiko etsipen sentimendu horiek bereganatzeko irakurleak (gaur egungo pelikuletan ikusi ohi dugun bezala). hasierako Fionn gaztetxoa, Irlandako errege, heriotzara kondenatua, druida ikaslea...eta heroia izango da liburuan zehar, garapen lineala duen nobela honek, baina, badu egitura borobilaren antza, izan ere hasierako gerlariak, Fionnen aita eta honen lagunak, Tarako zelaietan aurkitzen ditugu, eta nobelaren amaieran. Gol gaiztoak eta Luth erdi deabruak sorturiko desoreka edo gatazka, azkenean konpondu egiten da eta gerlari irlandarrak hasierako orekara itzuli. Fionn errege gazteak Tarako gertakarietan galduriko oreka berreskuratzen du, baina, eta hor dator komentario honetan aipaturiko berrikuntzetako bat, Fionnek uko egiten dio bera hasierako egoerara bueltatzeari, uko egiten dio errege koroiari.

Joanes Urkixok, arestian aipatu bezala, Irlandako kondairak eta gure arteko legendak uztartu ditu nobela honetan (Jaun Zuriaren kasua litzateke garbiena nahiz eta ez agertu aipaturik, baina horrez gain Baltzolako kobazuloarena, Sugetzarrarena, Gernikako arbola, eta abarren aipamenak dauzkagu); eta fantasia edo magia eta errealitatearen arteko nahasketaz baliatzen da istorioaren nondik norakoa kontatzeko. Honegatik guztiagatik gustura irakurtzeko abenturazko nobela da, J. Urkixoren hau, baina horrez gain Apirila saria, estatu espainiarrean gazte literaturako nagusienetariko bat, irabazteak berma gehiago ematen dio orrietara hurbiltzen den irakurleari, hasierako orrietatik harrapaturik sentituko den irakurleari.


Gerlari zuria