Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Hamabi galdera pianoari

Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola

Ilustratzailea: Antton Olariaga Aranburu

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 1999

Bilduma: Ostiral Saila

Orri kopurua: 160


Laburpena:
Ama hil, eta pianoaren aurrean hamalau urteko neska batek egiten duen barne-bakarrizketan oinarritutako nobela hau heriotzari buruzko hausnarketa bat da, baina ez era intelektual batean emana, nerabeak, gauzak pentsatu baino, sentitu egiten baititu.


Prentsako aipamenak:

- Felipe Juaristi, Diario Vasco Aspalditik nuen liburua etxean; irakurtzeko irrikitan nengoen arren, zerbaitek eragozten zidan liburua esku artean hartu, ume txikiak hartzen diren bezala, eta orrialdez orrialde letretan dagoen mapa irakurtzea (liburuak ere mapak baitira, ume-begiz irakurtzen jakinez gero noski); indar ezkuturen batek uzten zion liburuari zegoen tokian, ume txikia gelako bazter batean zigorturik bezala. Esan beharra dut, idazleak esanda seguruago, banekiela liburua tristea zela, maite-maitea den pertsona baten heriotzak ekarritako min ondokoan idatzia. Azkenean, ordea, liburua bere tokitik askatu nuen eta umea ere orduantxe libratu zela uste dut.

Kontu asko daude bertan, ahots asko elkarren ondoan denak, baina ez elkarren gainean nagusitu nahian, elkarri tokia kendu nahian. Gurasoen ahotsak (amarena oroitzapenen mundu argira ekarria); aitaren ahots neke samina, minaren iragazkitik igaro ondoren, mina bezala, haur-mina bezala, garbi eta aratz, minaz gainera beste aitzakiarik ez duen min mingarri eta minkor, min gogor bihurtua; hamalau urteko neska baten ahotsa, egunerokoa idazten baitihardu, egunero errealitatearen mundu kolorgetik oroitzapenen koloretsura doa aurrera-atzeraka, estropozo eginez batzuetan. Eta pianoa, musika. Eta hamalau urteko neska pianoari galdezka. Hamabi galdera hamalau urteko neskak pianoari; hamabi galdera irakurleari, eta galdera bakoitza minaren aurka doa, itsasargiak laino sarria bezala minaren lanbroa zulatzen du.

Elemendu horiekin guztiekin eleberria antolatu du Juan Kruz Igerabidek. Poesia hartu du mina leuntzeko eta gozatzeko, poesiaren tanta mehe finez busti ditu liburuaren bazterrak, itsasoaren zipriztinek itsasondoko errepidean zehar doazen autoen kristalak bustitzen dituzten bezala. Prosa poetikoa, poesia laua, Juan Kruz Igerabidek eskaintzen diguna, poesia maite dugunontzat opari gisa, hausnarketa sakonak maite dugunontzat argibide.


Hamabi galdera pianoari