Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Harry Potter eta sorgin-harria

Idazlea: J.K. Rowling

Ilustratzailea: Dolores Avedaņo

Itzultzailea: Iņaki Mendiguren

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 2000

Orri kopurua: 280

Adina: 12tik gora


Laburpena:

Harry Potter umezurtz geratu da, eta bere osaba-izeba gogaikarriekin eta bere lehengusu Dudley kaikuarekin bizi da. Harry bakarrik eta tiste sentitzen da, inork ez duelako maite etxe hartan. Baina egun batean bizitza errotik aldatuko dion gutun bat jasoko du. Howwars eskolan onartu dutela jakinarazten diote gutun hartan. Eskola bitxi hartan benetako lagunak egin eta magia egiten hasiko du Harryk, eta, bere harridurarako, ahalmen miragarriak dituela konturatuko da. Izan ere, Harry Potter egiazko aztia baita!


Prentsako aipamenak:


- Iban Zaldua, Behinola 4.zenbakia 2001eko apirila Aspaldiko partez, haur sentitu naiz liburu hau irakurtzean, edo, hobeto esanda, haur sentitzetik gertu ibili naiz: gainean pilatzen zaizkigun urteez ahaztea gero eta zailagoa egiten da, adin batetik gora. Harry Potter pertsonaiaren sagaren arrakastak erakarrita erosi eta irentsi nuen liburu hau; bestalde, ez naiz haur edo gazte literatura irakurri ohi duen horietakoa, eta, ondorioz, ganorazko gauza gutxi esan dezaket lan honen gainean. Ezer berririk ez, behintzat. Halere, hona hemen nire ekarpena.

Liburuaren argumentua aski ezaguna da. Harry, umezurtza, bere osaba-izeba gorrotagarriekin, Dursleytarrekin bizi da, baina bada ezagutzen ez duen sekretu bat: bere gurasoak azti-sorginak ziren, eta Gaizkia pertsonifikatzen duen Voldemorten aurka borrokatzen hil ziren; Voldemortek, ordea, ezin izan zuen ezer egin Harry jaioberriaren aurka, eta, horren ondorioz, ahalmenak galdurik, desagertu egin zen. Potter ez da horretaz gogoratzen, jakina, eta muggleen (jende “normalaren”) artean bizitzen utzi zuten, bere jatorriaz zein patuaz ezer jakin gabe. Harryk hamar urte bete ditu, ordea, eta Sorgin eta Azti Eskolara joateko ordua heldu da: zazpi ikasturtez luzatuko diren azti ikasketei hasiera emango dio Hogwarts-eko barnetegi famatu bezain ezkutuan (mugleentzat, noski). Harryren begien bitartez Ingalaterrako azti eta sorginen (eta mamuen, eta iratxoen) mundu sekretua ezagutuko dugu: haien ohiturak eta bitxikeriak, barnetegian ezagutuko dituen lagun eta etsai berriak, quidditcha bezalako jokoa (sorgin-erratzen gainean jolasten den nolabaiteko cricket nahasia), eta sorgin-harri (edo filosofoen harri) ezkutu baten inguruko gorabehera eta ibilaldiak. Laster ikusiko da, bestalde, Harryk neurriz kanpoko botereak dituela. Literatura fantastikoa, beraz, Michael Enderen Istorio amaitezina edo L. Frank Baumen Oz-eko aztia-ren lerroan sar dezakeguna (esate baterako).

Lehenengo liburuki honetako abentura-dosia ez da oso handia: giroa (Hogwarts, aztien eta sorginen mundu paraleloa, quidditcha, Harryren inguru mugglea) eta pertsonaia nagusiak (Harry, Hermione, Ron, Hagrid, Neville, lagunak, etsaiak…) kokatzeko sarrera moduan ulertu behar da, batik bat. Hala ere, ez da liburu estatikoa: esan dudan bezala, sorgin-harriaren ingurukoak, pertsonaiak eta lekuak aurkezteko tresna badira ere, kontakizunak badu ondo dosifikatutako trhillertasun apur bat, eta baita suspentsea ere, lehenengo ataletan batik bat: intriga biziko hasiera du nobelak, irakurlea harrapatzen duen horietakoa. Best-seller motako nobelagintzaren baliabideak ondo baino hobeto menperatzen dituela frogatzen du Rowling andereak. Eta, gainera, bere prosa ez da batere pinpirina, ez da batere biguna, eta hori biziki eskertzen da.

Halere, esan beharra dago Harry Potter literatura fantastikoaren esparruan eta, horren baitan, “aztikeria-eta-ezpata” azpigeneroan kokatzeko eskubidea dugun arren, baduela beste azpigenero baten ezaugarri asko: hain britainiarra den barnetegi giroko kontakizunena alegia (liburuki bakoitzak Hogwartseko ikasturte oso bat kontatzen digu: kasu honetan lehenengoa). Alde horretatik, lan hau lotu dezakegu Gillermo Bihurriaren abentura ezagunekin, Enid Blytonen Santa Klara eta Malloryko Dorreen sailak, eta are Ruyard Kiplingen Stalky & Co. bezalako liburuekin. Izan ere, mundu magikoari buruzko erreferentzia guztiak ezabatuz gero, horixe da geratzen zaiguna: barnetegira heldu berri direnen lehenengo egunetako zorabioa, anai-arreba nagusiagoen segurtasuna, lagun berriak egitean sortzen diren gorabeherak, barnetegiko ermandate ezberdinen arteko konpetentzia, irakasle gogorrak eta irakasle maitagarriak, txikarrak eta zigorrak, gaiztakeriak, etsaiak eta turko-buruak… panoplia guztia, hitz bitan. Alde horretatik, uste dut irakurle helduarentzat ezagututakoaren (aspaldian irakurritakoaren) zaporea izan dezakeela liburuak, gauza txarra ez dena, berez, memorian eragindako oihartzunek testuarekiko isilpeko loturak sor ditzakeen heinean; literatura mota hori ezagutzen ez duen haurrarentzat, ordea, aurkikuntza itzela izan daiteke.

Erraz uler daiteke, teorian behintzat, pertsonaiaren arrakasta: identifikazio bizkor bat sortzeko ahalmena du. Haurrak ginela, denok sentitu gara, uneren batean, triste eta bakarrik, denok sentitu dugu inoiz bidegabe tratatu gaituztela. Eta denok izan dugu inoiz botere magikoak (edo, superheroien komikiak irakurtzen genituenok, superbotereak) eskuratzeko ametsa, injustizia horiei aurre egiteko: nola ez zaigu (nola ez zaie) gustatuko Harry Potter, beti garaile ateratzen den gizarajoa? (baina, aldi berean, apala eta jatorra da Harry). Nola ez, Dursleytar muggle nazkagarriak hain ergelak badira (gure senitartekoak bezala, batzuetan), eta gainera magiaren botereaz erridikulizatu ahal baditu (guk nahiko genukeen bezala)? Eskema horrekin jolasten duen literatura franko dago (eta ez soilik haur eta gazte literaturaren eremuan), baina liburu gutxik lortzen dute honek izan duen mundu mailako zabalkuntza. Beste osagairen bat egon behar du, halabeharrez, errezetaren arrakasta ulertu ahal izateko, baina niri, behintzat, antzemanezina iruditzen zait; Gonzalo Mourek mundu oso bat sortzeko Rowlingen ahalmen bereziaz hitz egin du (Ingalaterra errealarekin batera existitzen den Ingalaterra magiko hori alegia), eta oinarrizko mitoekiko dituen loturez Félix de Azúak (ikus CLIJ 113, 2000), baina nik, egia esateko, ez dakit zehatz-mehatz gakoa zertan datzan.

Badago kontu bat ez zaidana horrenbeste gustatu, eta honekin iruzkinaren sarreran esan dudan horretara itzultzen naiz, liburu hau haur batek egingo lukeen bezala irakurtzeko ezintasunera: manikeismoa erabatekoa da, gehiegizkoa, hots, pertsonaia onen (protagonista eta bere koadrilakideak) eta gaiztoen (Dudley lehengusu gogaikarria, Malfoy, eta, jakina, Voldemort eta bere lekaioak) arteko zanga zabalegia iruditu zait. Halako liburuetan, jakina, oso ohikoa da hori, ia ezinbestekoa, ez dut ukatuko: ondotxo dakit, Eraztunen jauna-ren miresle porrokatua izan nintzen aldetik. Baina Tolkienen lanean bezegoen ñabarduretarako eta pertsonaia anbiguoentzako lekurik; gogoan izan, bestela, Boromir, Galadriel, eta Gollum/Smeagol-en kasuak, besteak beste. Manikeismo horrek pittin bat molestatu nau, eta Hollistertarrak bezalako nobeletan topatzen genuena ekarri dit gogora (eta ez plazer handiz, gehitu beharra daukat). Hagrid-en pertsonaia hor dago, jakina, nobelan agertzen den interesgarriena, ziurrenik: zigorra dela eta ikasketak burutzera heldu ez zen Hogwartseko basozain herensugezaleak ezin hobeto jokatzen du outsider sinpatikoaren papera (baina gutxi da, halere). Bitxia iruditu zaidan beste gauza bat: egileak, emakumea izanda, neskei eta, oro har, emakumeei narrazioan eskaintzen dien leku eta paper eskasa edo ez bereziki atsegina (Hermione hiperrikastunaren kasua deigarria da); ez dakit pertsonaia femeninoek garrantzi handiagoa hartuko ote duten hurrengo liburukietan, baina honetan, behintzat, oso atzera geratzen direla uste dut.

Itzulpenari dagokionean, Iñaki Mendigurenek lan txukuna egin duela esango nuke. Gaztelaniazkoa eskuetan izan dut eta, sakonki aztertu ez dudan arren, ez dut uste euskarazkoa gainditzen duenik, eta hobea dela esatera ausartuko nintzateke. Itzulpenak ondo “korritzen” du, irakurlea eraman egiten du, termino baten edo besteren aukera zalantzagarria izan daitekeen arren. Halere, itzultzaileak galdu egin du, nire ustez, lan biribilago bat burutzeko aukera: adibidez, euskarara moldatzeko ingelesez esanahi edo oihartzun berezia duten izen propioak, hots, gehienak (azken finean, eta lehen jarri dudan adibidera itzultzearren, hori egin da Eraztunaren jauna-ren itzulpen gehienetan, eta, esaterako, “Bilbo Baggins” “Bilbo Bolsón” da espainolez), edo itzultzeko 12. ataleko gai nagusiaren izena (“Erised-eko ispilua”, “Arised-en ispilua” izan beharko litzatekeena), 187. orrialdean aldrebes agertzen den ingelesezko esaldia euskaratu ez duelako alegia (“Arised” “desira” izango litzateke, aldrebes; itzultzaileak ingelesez utzi du, “desire”); halere, akats edo ausardia falta hauek guztiak gaztelaniazko itzulpenean ere agertzen dira. Hagrid pertsonaiaren hizkerari buruzko polemikaz ez daukat esateko gauza handirik: nolabaiteko erregistro arlotea islatzeko Iñaki Mendigurenek bizkaiera hautatu zuela salatu zuten zenbaitek, beste batzuek itzultzailearen aukera defendatu zuten bitartean, Ingalaterrako iparraldeko hizkera ekartzeko aukera “bizkaitarra” bidezkoa delakoan. Edonola, aukera bat da, mingarria agian batzuentzat (baldin eta jatorrizko Hagrid-ena hizkera arlotea dela sinesten badugu, eta ez soilik dialektala), baina testuari gaztelaniazko bertsioak ez duen aberastasuna eskaintzen diona (itzultzaile espainiarrak ez zuen ahalegin hori egin: pertsonaia guztiak berdin-berdin mintzatzen dira). Halere, nahi duenak kontsulta ditzake itzultzaileen posta-zerrendan gaiari buruz gurutzatu ziren mezuak ( gunera jo, eta Potter idatzi Search archive jartzen duen “ziegatxoan”).

Beste kontu bat gure ohitura editorialei buruzkoa izango litzateke “Harrapatzen” zaituen liburu horietako bat da Harry Potter eta sorgin-harria (nik ez daukat dudarik), eta, ikuspuntu horretatik, haur asko irakurketaren mundura erakartzeko ahalmena duela frogatu du bere nazioarte mailako arrakastak (mass medien laguntza ez txikiarekin, esango du, arrazoiz, norbaitek: baina gutxieneko kategoria izan behar du lehengaiak halako onarpen unibertsala izateko). Alabaina, irakurlearengan Harry Potter gehiagoren gosea sortzen badu lehenengo liburu honek, ezinezkoa izango zaio euskaraz asetzea, ez berehalakoan behintzat, hurrengo hiru liburukiek itzultzeke jarraitzen dute eta. Haur (edo heldu) asegabeak alternatiba bakarra izango du, beraz: gaztelaniazkoak erostea, eta, ondorioz, inoiz kaleratuko diren euskal bertsioek (beste) irakurle bat galduko dute. Aintzat hartuta ere inguruko herrialdeetako erritmoa jarraitzeko gure argitaletxeek izan ditzaketen zailtasunak, politika aktiboago eta bizkorrago bat eskatuko nioke Elkarlanean-Salamandrari. Izan ere, nik neuk ere ez dakit Harry Potter eta sekretuen gela bigarren liburua argitaratu arte itxaron ahal izango dudan.

- Mondragon Unibertsitateak argitaratua Harry Potterren liburuan murgiltzen den irakurleak sorginkeriari buruzko abentura liluragarriak aurkituko ditu lehen atal honetan, idazleak iragarri duenez, zazpi liburuk osatuko baitute Harryren istorio osoa. Idazleak mundu magiko osoa eraikitzea lortzen du, protagonistek errealitate arruntetik ihes egiten dute eta fantasia eta irudimenezko munduetan murgiltzen dira.


Harry Potter gaztetxoa da protagonista nagusia eta lehen liburu honetan azti bihurtzeko lehenengo ikasturtea azalduko zaigu: ikasketak nolakoak diren, maisu-maistren berezitasunak, janariak, ohiturak, etab. Elementu guztiak ondo landuta daude, originalak eta bitxiak dira. Magia ardatz nagusi izanik, mundu berri eta zehatz bat ezagutzeko aukera izango dugu. Beste errealitate batean murgilduko gara eta, izen arraroen atala gaindituz gero, irakurketak harrapatu egingo gaitu.


Irakurlea irudizko mundu horretan aurkituko dituen pertsonaiekin erraz identifika daiteke: Harry umezurtz izandako gaztetxoa da, bizitzaren samindura eta atsekabeak ezagutu dituena. Bizitza gogaikarri horretatik at, ustekabeko mundu magikoan murgilduko da: iratxo eta izaki bitxi eta sorginkeriaz beteriko toki harrigarrietan. Honenbestez, irakurlea erraz barnera daiteke errealitate horretan eta bertan gauzatzen diren abenturen partaide bilakatu, heroi handienen gisara.


Liburuan zehar deskripzioak ugariak dira, pertsonaien zerrenda handia da eta izenak ezohikoak; irakurketak, beraz, arreta berezia eskatzen du. Ildo horretatik, irakurle prestatua eskatzen du testuak, ez baita inola ere irakurketa arina eta azkarra egiteko moduko liburua.
Itzulpena jatorrizko testutik eginikoa da. Iñaki Mendigurenek ematen dion ukituarekin aberatsa eta landua gertatzen da, baina irakurterraza eta gozatzeko modukoa, azken finean.

 


Harry Potter eta sorgin-harria