Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Inesaren balada

Idazlea: Hasier Etxebarria

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 2002

Bilduma: Apirila

Orri kopurua: 168

Adina: 14tik gora


Prentsako aipamenak:


- Javier Rojo, El Correo 2002ko uztailaren 31a Abentura klasikoak

Inesaren balada-k, Hasier Etxebarria kazetari eta idazlearen eskutik datorkigun narrazioak, abenturetako nobela klasikoen kutsua gogora ekartzen du. Gure literaturan gehien nabaritzen den hutsuneetako bat, Salgari, Stevenson edota Verne bezalako idazle batena izaten da, literaturzaletasuna (eta ez bakarrik gaur egun modan jarri den irakurzaletasuna) piztu den mementuan horrelako izenek oinarrizko tokia baitute irakurle askoren oroimenean. Hasier Etxebarriaren nobelak idazle horiei esker ezagutu dugun literaturaren lilura berpiztu nahi du. Istorioan kontatzen da Inesa izeneko neska baten gaztaroko zenbait pasarte. Neska hau, XVIII. mendearen amaiera aldera, mugatik hurbil dagoen Nafarroako herri bateko ostatu batean bizi da, baina ilusio bat dauka, itsasontzi batean marinel moduan itsasoetan zehar ibiltzea. Horretarako oztopo asko gainditu beharko ditu eta txikiena ez da neska izatea izango. Hau dela eta, mutil jantziko da eta etxetik ihes egingo du bere ametsa betetzeko. Nobelak, ikertzaile batek aurkitu duen Inesak berak zahartzaroan idatzitako eskuizkribuaren fikzioari eutsiz, ontziratu arteko urte horiek kontatzen ditu, ironiarekin, eta aldi berean aberatsa eta gardena den idazkera baten bidez.
- Aritz Zubiate, GARA 2002ko abuztuaren 24a Lapurdi zaharran

Bere azken lan honekin, Estatu espainiar osoko hizkuntzetako obrak leiatzen diren Apirila Sarian bigarren gelditu da aurtengo apirilean elgoibartarra. Laster kaleratuko da gainera katalan eta espainolez (Jose Luis Padronen itzulpena). Sariketen oniritzia daukala aipatu beharko genuke, beraz.

XVIII. mendeko Lapurdin, abentura giro zirraragarrian murgilduta, heldutasunera heltzerainokoak kontatzen dizkigu Hasier Etxebarriak, asko bizi izan duen amonaren oroitzapenen bidez. Umea den Inesa Indazubikoak, Peillot kapitainak sortutako inpresioak eraginda, ametsak lortzerainoko bideari ekingo dio. Neska izateak dakartzan ezintasunei aurre egiteko, mutiko bihurtuko du bere burua, itsasoko gesala eta haizearen askatasuna dastatzeko bide bakarra delako; hitz bitan, berak ere kortsario bihurtu gura duelako.

Berriz ere neska soldaduaren istorioa (Katalina Erauso...), Hiru Trukukoak ere kantatua, itsasoratu nahi eta gizon bihurtzen den neskatoarena. Ontziratzean atzean gelditzen baitira lurreko lotura eta zapalketak. Horrela, bada, itsasoak askatasuna sinboliza badezake, zer esango dugu kortsarioei buruz? Ez gizonen ez jaingoikoen beldurrik ez dutenak boterearen antitesitzat aurkezten zaizkigu. Inauteriak egunerokotasun itoari barre egiten dion bezala dagite barre Peillot buru duten kortsarioek, alaitasun eta agintekeria ororekiko (estatu, armada, abade) mesfidantza harroa erakutsiz. Eskuzabalak eta herriaren mirespena irabazi duen itsasgizonak dira, agintari politikoek erabili ondoren lepoa ematen dietenak. Armadaren ziegetako iheslari betierekoak, herri mito bihurtzeraino.

Inesa umeak mundu tradizionalarekin lotzen gaitu neurri batean, Euskal Herri mitikoarekin, sorgina omen baita familiako zazpigarren alaba izateagatik... Hortik etorriko zaio, apika, bere gizonezko alter-egoen naturari eta gizakiaren osotasunari buruzko ezagutza zorrotza, bere abenturaretan horren baliagarri suertatuko zaiona.

Kortsarioen indar harraroaren eta Inesaren magiaren artetik, boterea bere gordintasunean agertarazten du autoreak: Pierres de Lancre krudela gogorarazten digun Azpilikueta apaiz kirastasuna, erlijioaren galbahe eskutik guztia iragazi eta "Jainkoaren haserrearen" mezulari iluna dena; egungo txapelokerrak burura dakarzkigun teniente biboterrea, bere gorrot ustela ahulei ordainarazten diena. Ezjakintasunaren eta Antzinako Erregimenaren erakusleak dira, mundua aldatuko duen Frantziako Iraultzari lotutako printzipioei muzin egiten dietenak.

Abentura giroa hitzaurrean ere adierazten digu Etxebarriak, aurkikuntza literarioaren irrikarekin; izan ere, Antoine Abbadiakoaren Hendaiako gazteluan kausitutako kaier batetik jasoa omen da eleberriaren edukia. Kutxa baten barruan topatua, emakume letra biziz idatzia "Naizena baino ez" izenburu argigarripean.

Bizia da testua, argumentua, kontatzen dena. Kontatzeko era ere bai, bizia eta dotorea. Hizkuntza eder, indartsu eta aberatsez idatzia, eta, gainera, zahartzaroaren talaiatik bidalitako filosofiaz betetako gogoeta biribilak idoro ahal izango ditugu; hauek haurtzaroan egindakoaren bidea argitzen dute, eta heldutasuna, bizitzaren jakituria eta herri kulturaren adierazpide garbitzat agertzen zaizkigu.
- Igor Estankona, DEIA 2002ko ekainaren 21a Askatasunari buruz

Sano garrantzitsua iruditzen zait irakurlego gazteari zuzendutako literaturak liburu honek erakusten duen bizitasuna edukitzea, eta baita halako lañotasun askatzaile bat ere. "Inesaren baladan" abentura eta libertatearen aldeko apostu gogorrari buruz hitz egiten da. Erdi-ume erdi-emakume moduan aurkezten digu protagonista Hasier Etxebarriak, pauso sendoa eta dudatia biak batera ematen dituena.

Argitaletxe Elkartuen egitasmoan sartzen den lana da liburu hau, gazteentzako narratiba bultzatu guran sortutako Apirila Saria jasotakoa. Argitaletxe elkartuak sei argitaletxek osatzen dute (Valentzia, Euskal Herria, Galizia, Katalunia, Asturias eta Aragoi) eta herriotako literaturaren artean harremanak errazteko sortu da. Kontuan hartzen badugu ere maiz kultura nagusiek egiten dutela gure kultura txikien arteko zubi lana, horrelako ekimenen garrantziaz ohar gaitezke. Ez dakit zehatz zein den elkarlan horren mekanika baina esku artean daukagun liburu hau berau katalanez eta gaztelaniaz argitaratuko dute laster: Badirudi asmorik onena izan arren ere ezin dugula ihes egin gure "hizkuntza franko" partikularretik. Oraindik, diseinua hoberen baten faltan, badirudi gaztalania behar beharrezkoa dugula.

Hasier Etxebarriaren bibliografia oparoan "Inesaren balada" ez da behar bada aurre aurrean jar dezakegun titulua baina gazteei zuzendutako liburu eragingarria da, duda barik. Hizkuntza ona, istorio ona, mezu ona. Erregularra guztiz. Publiko gazteak eskertuko du erregulartasun hori, izan ere, istorioari azken unearte eusten zaio. Gainerakoa irakurlearen irudimenak jarri behar du. Horretarako hain zuzen, irudimena kilikatzeko, hamazortzigarren mendea hemeretzigarrena bihurtu zeneko hartan erabiltzen zituzten jantziak, zapaltzen zituzten bideak eta nabigantzen zituzten itsasoak ederki deskribatuta datoz. Erdi-sorgin eta erdi pirata baina oraindik erdi koitadua ere baden Inesa da gure heroia. Batzutan nobela baino gehiago komikia gogorarazten duten pintzeladak aurkituko ditu irakurleak orrialdeotan. Olatuen gainetik altxatzen diren gotorlekuak, ostatu alaiak, bide ilun lapurrez beteak, askotan testuak esan ez arren norberak irudimenean sortzen dituen irudiak dira. Konturatuko gara, apurka apurka, liburua askatasunari buruzkoa dela. Itsasoak ezerk baino hobeto laburtzen duen askatasunari buruzkoa.


Inesaren balada