Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Ixone isilik

Idazlea: Maite Franko Castro

Ilustratzailea: Lorena Martínez Oronoz

Argitaletxea: Aizkorri

Urtea: 2004

Bilduma: Mendi Sorgindua

Orri kopurua: 48


Laburpena:
7:45etan hasi eta 12:20etan bukatzen den istorio honen protagonista Josune da, nahiz eta Ixone deitu. Josune bere gurasoekin bizi den 8 urtetako neskatoa da. Bere gurasoekin, eta batez ere amarekin maiz haserretzen da, izan ere gurasoen arteko liskarrak ez zaizkio batere gustatzen; eta orduan, idazteari ekiten dio, isildu, bere libreta hartu eta idazten hasten da, gerra isila deklaratuz. Gaur astelehena da eta ohikoa den bezala, amak kotxez eramango du eskolara. Eskolara oso berandu helduko da eta ordu horietan gertaera ezberdinak pasako zaizkie, batak bestari gerra isila deklaratuz. Amak, Josuneren jokabide bera errepikatuko du, alabaren isiltasunaren arrazoia jakin nahirik. Josune etxeko lanak jasotzeko denbora soilarekin iritsiko da eskolara. Denbora tarte horretan amak alabaren libreta irakurtzeko aukera izango du. Honek lagunduko dio familia kideen komunikazio ezarekin amaitzen.


Prentsako aipamenak:

- Xabier Etxaniz Erle, berria 2004ko maiatzaren 15a Liburu honek badu inozentziaren xarma; egilearen lehen idazlana da, ilustratzailea ere ez da oso ezaguna.. alde horretatik irakurleak ez du aurreiritzirik izango "Ixone isilik" hau jasotzean. Horregatik inozentzia hori, edo agian inozentzia irakurleari dagokio eta ez lanari. Aurreiritzi, beste lanekiko lotura edo erreferentziarik gabe ibiltzeak bere alde onak eta txarrak izan ditzake, baina berritasunaren eta freskotasunaren xarma, beti. Eta, hain zuzen, horixe da liburuan murgildu ahala dugun lehen sentimendua.

Maite Frankok idatzitako ipuin honek lehen pertsonan kontaturiko diario bat ematen du, egitura hori du, baina eguneroko istorioak izan beharrean goiz bateko kronika dugu. Goizeko 7ak eta 45 minutuan hasi da eta eguerdiko 12:30ean amaitzen den kronika. Bertan kontu ugarien berri izango dugu, eta gure gizarte eta inguruari buruzko aipamen asko agertzen dira nahiz eta testua, ipuina, nahiko laburra izan.

13 ataletan banaturiko ipuina dugu Josunek kontatzen digun hau. atalak laburrak dira, goiza joan ahala gertaturikoak kontatzeko atalak. Jaikitzen den unea, bere buruaren aurkezpena testuaren bidez ("Josune dut izena baina Ixone deitzen didate, askotan mutuarena egiten dudalako. Isiltasun grebak egiten ditut.") eta ilustrazioaren bidez ("Hau ni naiz", eta 6.orri ia osoa hartzen duen irudia ikus dezakegu ondoan), bain abatez ere, gurasoen arteko harremanak, familia barneko eztabaidak eta egoera izango dira irakurleak deskubrituko dituenak liburuko 47 orrietan. Testuaren egitura, beraz, ez da oso korapilatsua, istorio kronologikoa da (ia-ia ordu laurdenero gertatzen dena kontatzen digu Ixonek), atal laburretan kontatua; baina egitura sinple horren atzean, neskatxa baten begirada umilaren atzean, gaur eguneko gizarteari buruzko gogoeta interesgarria planteatzen zaigu: norberaren garapena, pertsonen arteko harremana gizakion jokabideak, esate baterako. Alde horretatik testuak, bere sinpletasunean, mami sendoa ezkutatzen du, betiere tonu aproposa erabiliz, istorioa sinesgarria baita, Ixoneren ikuspuntutik narraturiko istorioa.

Arestian aipaturiko arrazoiak direla kausa, irakurlea berehala sentituko da harrapatua liburuan. Testuaren eta irudiaren arteko oreka ondo lortua da (lehenago ere komentatu dugu bion arteko harremana), eta oreka hori tonuan eta estiloan ere nabari da. Josune-Ixone neskatiak arazo bat daukanean isiltasun graba egin ohi du. Libreta berri honetan, goizeko istorioa kontatzeko erabilitakoan, haserre horren berri ematen du, bai eta Luisa amaren eta Sebas aitaren arteko tentsioarena. Etxeko egoera gero eta korapilatsuago izango da, ikastolara joateko autobusa galdu, kotxea hondatu, auzokoaren traktorea hartu behar... eta gertakizunen deskribapenarekin batera, Ixonek bere gogoetak islatzen ditu libretan. Irakurleak pittin-pittinka protagonistaren familiaren egoera ezagutzeaz gain, Ixoneren kezkak, sentimenduak, gogoetak ezagutuko ditu. Protagonista hobeto ulertuko du, eta batez ere, hasiera-hasieratik aipatzen zaigun isiltasun greba horren irtenbidea bilatzen lagunduko dio.

Errealismo kritikoaren erreferentziak aurki daitezke lan honetan (Mariasun Lndarenak ere bai) gaian eta tratatzeko moduan batez ere; bain ahoriekin batera literatura tradizionalaren ikutuak ere aurki daitezke egituran, irudia eta testuaren arteko harremanean eta abar.

Testu laburra dela esan dugu, goiz bateko kronika, lau ordu eta erditan gertaturikoak jasotzen dituen liburua. Baina, era berean, lan mamitsu baten aurrean gaude. Hizkera, egitura eta narratzailearen ikuspuntua sinple eta oso egoki batean kontaturiko istorio interesgarria.


Ixone isilik