Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Kaixo, Kattin!

Idazlea: Antton Kazabon Amigorena

Argitaletxea: Elkar

Urtea: 2003

Bilduma: Taupada


Prentsako aipamenak:

- Javier Rojo, El Correo, 2004ko martxoaren 17a Gazteak eta politika

Antton Kazabonek, batez ere, haur eta gazte literaturaren munduan burutu du bereliteratur ibilbidea. Honetan, "Kaixo,Kattin!" izeneko nobela labur honen bidez, gazteei zuzendutako liburu bat eskaini nahi izan du. Bi ezaugarrik ematen diote atentzioa irakurleari lehengo begiradan. Liburua eskutitzen bidez gauzatuta dago, batetik. Testua, beraz, adiskide batzuek (Garazik eta Kattinek) elkarri bidaltzen dizkioten eskutitzek osatzen dute. Teknika hau aukeratzean, ziur aski garrantzia izan du liburua zuzentzen zaion irakurlegoak, testua hurbilago egiteko asmoak, azken finean. Asmo honi lotuta ere, bestetik, idazleak irakurleen eta protagonistaren arteko identifikazioa bilatu du, protagonista hamabost urte inguruko neska baita. gai politiko bati eutsinahi izan dio idazleak. Alde honetatik, ausarta izan nahi bide du, Euskal Herrian jasatzen diren etendura politikoek gazteen artean zein eragin izan dezaketen erakustean. Baina ez dio arazoari sakonki heldu, arazo erdia baizik ez kontutan hartu. Banaketa politikoa erakusten du, bain abeti abertzaleen artean. Izan ere, abertzaleak ez direnak aipatu ere ez dira egiten, existitu ez balira bezala. abertzaleen eta ez abertzaleen arteko beste etendura hau isilean geratzen da.
- Josu Lartetegi, Deia, 2005.eko ekainaren 7a Ze azkar galtzen den betiko!

Antton Kazabonen "Kaixo, Kattin!" honen gaia, gurean harrigarria bada ere, oso-oso gutxi erabilia da: arazo soziopolitikoen eragina gazte koadrila euskaldun batean. Eta "euskaldun" horri azpimarratzekoa deritzot, eleberritxo honen aurkikuntzak zein hankasartzeak hortik joan litezkeelako.

Aurkikuntza deritzot arazo soziopolitikoei beldurrik gabe oratzea, barne sentimenduekin nahasiz, maitasunaren eta gorrotoaren esparru zehazgabe horretan (gazteek hain berezko omen dutena) igerian. Zuzenak izateko, eleberrian jorratzen dena ez da arazo soziopolitiko jakin bat edo batzuk, ezpada soziopolitikak gazteen egunerokoari nola eragin diezaiokeen, zentzugabeki eragin ere, egoera lelo xamar baina nerabeen sentimenduek katramilatua sortzeraino. Gazteen arteko hizkuntza-kontraesanen auzia ere ageri da, azaletik baina, gazteen arteko berben joan-etorrian gehiagorako ez zuelako ematen.

Hankasartzea, horrela deitzerik badago, zera izan liteke; hots, nire ustez koadrila asko ez direla eleberriko laguntalde ustez anitz horretan bezain lauak eta berdinak. Desberdintasuna arazo iturritzat aipatzen da, baina nire inguruko gazteen artean askoz desberdintasun handiagoak eta larriagoak ikusten ditut (kulturalki eta soziopolitikoki) Kattin eta bere lagunen artean baino.

Istorioa xumea baina era berean joko eta soka luzea ekar dezaketen horietakoa da: eskolan txiki-txikitatik elkarrekin ibilitako gazte koadrilan arazoa sortu da eta Kattin baztertu dute. Ondorioz, beste ikastetxe batera jo behar izan du, aita-amek ere disgustu galanta hartu eta Garazi lagun minarekikoa ere etenda geratu da. Egoera horretatik abiatzen da eleberri epistolar hau, orain arte esan ez badugu ere genero horri baitagokio "Kaixo, Kattin!" hau.

Kattinen adiskide Garazik ekiten dio eskititzen joan-etorrien jolasari. Horrela, genero espistolar onenean bezala, pertsonaiak eta euren ekintzak ezagutuz goaz, beti besteen bertsioaren arabera, besteen iritziez osatua. Horra liburu honen aurkikuntzeko bat: pertsonaia bakoitzaren (bereziki Kattin eta Garaziren) karakterizazioa idazkeraren bitartez. Izan ere, gainontzeko pertsonaiak ia amaiera arte ez dakigu benetan nolakoak diren, nolabait esatearren Garazi eta Kattinen etengabeko galbahe partzialetik datozkigulako.

Istorioak, azkenean, harrapatu egiten zaitu, zer gertatuko den jakin nahi duzu. Ondo amaitzea nahi duzu baina boleto guztiak dauzka txarto amaitzeko. Ez dut amaiera kontatuko, lasai, baina esan beharra daukat ez nuela halakorik espero. Gazteei gustatuko zaien amaiera da, hala ere. Helduagoei halako keinu okertua geratzen zaigu aurpegian, eta Brishead Revisited horretako Evelyn Waugh-en berbak gogoratzen ditugu agian: "gaztetasunaren emozioa, bakarra, ze azkar galtzen den betiko".


Kaixo, Kattin!