Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Lur izeneko oihana

Idazlea: Joanes Urkixo Beitia

Ilustratzailea: Enrique Morente

Argitaletxea: Zubia-Alfaguara

Urtea: 2000


Laburpena:
Gizakiok anker eta bihozgabeak gara: elkarrekin borrokatzen gara, planeta hondatu dugu, geurekoiak gara… eta inork ez gaitu zigortzen. Ala bai? Eta zigorra den-denok pikutara joatea izango balitz? Ai ama! Badaezpada, hobe dugu lehenbailehen geure okerrak zuzendu. Baina nola? Denok okerrak bagara, ezin elkarri irakatsi. Batek jakin, agian liburu honetan irtenbideren bat aurkituko duzu.


Prentsako aipamenak:

- Laura sagastume, Behinola 3. zenbakia, 2000ko azaroa Lezio larregi?

Ezin dugu ukatu liburu hau irakurtzen hasteaz bat harri eta zur geratu ginela. Liburuaren planteamendua, izen barregarriak gorabehera, ezkor baino ezkorragoa da eta badu oihartzun biblikorik: lurtarrak axolagabeegiak, ezin zabarragoak izan dira beren planetarekin, eta extralurtarrak zigortzera etorriko dira: «Hamar mila urte daramagu zuen planeta zaintzen eta denetariko gauzak ikusi ditugu. Baina hau akaboa da —…— Lurtarrok desastre hutsa zarete. Galaxia guztietako izakirik ankerrenak zarete —…—. Horrexegatik Lur planeta eta bere izaki guztiak suntsitzea erabaki dugu.» Eta oihartzun biblikoa handiagotu egiten da Flaks Tirritarraren ahotik datorrenean: «Gutxienez zazpi lurtar zintzo-zintzo aurkituz gero, Lurra salbatuko duzue?» Eta Flaks Tirritarrari hiru eguneko epea onartuko zaio ia ezinezkoa dirudien helburua lortzeko.

Liburuaren planteamenduaren garapenak ere harritu egin gintuen, soil-soilik animaliak baitira zintzo-zintzotzat har daitezkeen izaki horiek. Antza, Purrunpun galaxiatik etorritako extralurtarrek arrazoia zuten: «Zuek laster ahazten dituzue sentimendu onak, izaera gaiztokoak zarete eta.» Baina, egia esan, animaliekin istorioekin gozatu dugu gehien: olagarroaren, jirafaren, hartzaren, sarrioaren, manta-arrainaren, hienaren eta mapatxearen pasadizoekin. Batzuk besteak baino erakargarriagoak izan arren, ondo kontaturik daude, gustura egiten da aurrera eta beharbada berriro harri gaitzakete istorio bakoitzaren amaieran datorren lezioarekin… «Egun hartan, Lurrak ikasi zuen bizitzako oztopo eta eragozpenik handienak gure barruan daudela, eta hauek gaindituz gero, benetako askatasuna lortu ahal dugula.» Beharbada gabe, ipuin txikien moralejak eta liburuaren irakurketa bideratuak eta esplizitoegiak —literatura iradokitzea eta galderak egitea zela uste genuen— harri eta zur utzi gaituzte, eta nahiz zortzi urtetik aurrerako haurrentzat idatziak izan, desegokiak iruditu zaizkigu.

Esanak esan, egileak eskaintzen digun amaiera iruditu zaigu egokiena, ezustekoena; nahiko ezkorra izan arren, tonu umoretsuak ondo bigunduta dator. Amaiera horrexek ematen dio izenburua liburuari. Bukatu aurretik, Enrique Morenteren marrazkiak aipatu nahi genituzke, testuarekin oso bat datozelako eta politak iruditu zaizkigulako (liburua 8 urtetik aurrerako haurrentzat dela jakinik, eta azaleko kolorea ikusirik, beharbada horixe da faltan sentitzen dena liburu honetan: kolorea.)


Lur izeneko oihana