Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Nuvolari plaza

Idazlea: Karlos Linazasoro Izagirre

Ilustratzailea: Antton Olariaga Aranburu

Argitaletxea: Erein

Urtea: 2011

Bilduma: Mandolina saila; 14

Orri kopurua: 39

Adina: 10tik gora


Laburpena:

Ipuin honetan Matteomiglia herrian izaten diren gertakizunak, anekdota bereziak eta gertatzen diren arazoak kontatzen dira. Guzti hauei soluziobide bat ematea bertako funtzionario den Franti zaharraren lana da.

Matteomiglian ohikoena da beste edozein tokitan oso arraroa edo surrealista izan daitekeena, hala nola hitzak birziklatzeko makina edukitzea, apaizak meza telefono kabinan ematea, baratzean haztea arrainak… Hala eta guztiz ere, ipuin honetan buruhausteak emango dituen gertakizuna Nuvolari plazako postontzira iritsiko den patera izango da.


Prentsako aipamenak:

BERRIA: 2012-05-06 / Imanol Mercero

"Liburu honen protagonista Frantisek Abravanel Klee da, Franti lagunentzat. Orain dela hamar urte agertu zen Euskal Letretan bere izen bereko obran, “Franti”, eta oraintsu berragertu da, bere herriko plaza garrantzitsuenaren izena dakarren alean, Nuvolari plazan. Itxuraz aldatua dator, ez dira-eta alferrik bi marrazkilari pasa ordudanik: hastapeneko Mitxelena hura, egungo Olariaga hau.

Olariagaren Franti ximurra da, burusoila eta bufandaduna, oso urruti Mitxelenak 2002an egin zuen gizon bizarzuri ilekizkur hartatik, -kapela ere galdu du bidean gizajoak- eta hala ere pertsonai bera da, Matteomigliako funtzionariorik onena -besterik ba al da?-, Jurasek eraikineko bere bulegotik herritarren arazoak konpontzeko beti prest dagoen behargin arduratsua.

Funtsean denak igual jarraitzen du Matteomiglian. Aita Ripellinok meza telefono kabinan ematen du, oraindik ere. Kanpus eskaleak ez du utzi bere bizilekua den banketxeko ate birakaria. Frantiren bulegoa eskaeraz betetzen jarraitzen dute herritarrek; kalez kale ibiltzeko zabuak nahi dituzte; aurrekoan Anjelok esperantza galdu zuen gisan, iparra galdu du norbaitek oraingoan, eta abar. Aurreko liburua eta hau ordea desberdinak badira puntu batean: hartan unibertso berezi honen aurkezpena egiten liburu osoa ematen zuen eta ez zegoen “gertaerarik”. Oraingoan aldiz gertaera bat dago, agian ez Frantiren eguneroko harrigarria narrazioaren ardatzetik mugiaraziko duena, baina bai fokuan jartzen dena: postariak Nuvolari plazako postontzian patera bat topatu du hamabi pertsonekin. Hamabi naufrago, “denak beltzak”.

Eta honek nahitaez baldintzatzen du liburuaren ildoa. Baldintzatu egiten du bestela darion magikotasun xaloa, gure egunerokoarekin loturarik ez duen mundu baten irudia. Hain zuzen egunerokotasunaren alderdi larrienari begira jartzera behartzen gaituelako.

Istorioak berez bazekarren kritika sozial fina, umorez bezainbat ironiaz jositako kritika, ezen nola ulertu bezala funtzionario saiatuaren figura, nola ulertu jendeak galtzen dituen esperantza edota logika, nola ulertu alferrik esaten diren hitzekin antolatzen duten birziklapen negozioa, nola ulertu, azken finean, Matteomiglia osoa, gure gizartearekin oposizioan ez bada? Eta halere kritika hau dena azpitik zihoan, lizentzia literario onargarria zen beste alde batera begiratu nahi zuen irakurlearentzat. Baina beltzez betetako patera bati ezin zaio iskin egin...

Esanak esan, nire ustez magia ez da galtzen, Matteomigliak jarraitzen du izaten 8 urtetik aurrerako irakurleek ezagutu beharreko mundu bat. Eta niri bederen hirugarren alea irakurtzeko irrika piztu zait bigarren hau bukatu orduko. Gainera, jakiteko gaude zer gertatu den herriko gainerako postontzietan, jakiteko gaude non enplegatuko dituzten hamabi etorri berriak. Eta galdera gehiago, “Franti” liburutik hona argitu ez direnak.

Zeren, Urzidil jaunak irabazi ote zuen igeriketa dominarik olinpiadetan? Meritua bai baitzuen, Plaza Nagusian edota Parte Zaharrean entrenatzen baitzen, urik gabe, noski.”


Nuvolari plaza