Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Sagu Kontuak

Idazlea: Arnold Lobel

Ilustratzailea: Arnold Lobel

Itzultzailea: Koldo Izagirre

Argitaletxea: Kalandraka

Urtea: 2000

Bilduma: Amets egiteko liburuak

Orri kopurua: 64

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Lo egiteko ez dago ipuin bat bezalakorik, eta ipuin bat baino hobe zazpi, baldin eta sagu aitak kontatzen dituen bezalakoak badira! Arnold Lobel-en klasiko bat.


Prentsako aipamenak:


- Xabier Etxaniz Erle, Egunkaria Txikientzat gozagarri

Galizia aldetik datorkigu euskaraz haur eta gazte literaturan hain ezaguna den "Sagu kontuak" izeneko liburu hau. Kalandraka argitaletxe galegoak hainbat hizkuntzatan argitaratzen ditu haur txikientzako albumak, eta eskertzekoak dira euskaraz eginiko edizio zainduak. Wener Holzwarth eta Wolf Erlloruchen "Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa" liburu paregabearen ondoren "Nola dastatu ilargia" Michael Grejniecena kaleratu zuten abenduan: orain, berriz, arestian aipaturiko Lobelen liburua.

Arnold Lobel ilustratzaile eta idazle estatu batuarrak 1972an argitaratu zuen "Mouse tales" liburu ezaguna. Bere produkzioan garrantzi handiko obra. Izan ere, Igel eta Ugel igel pertsonaiekin eginiko liburuak (euskaraz Alfaguara/Desclée de Brouwer-ek argitaratuak 1988 eta 1991 bitartean) edo Elefanteen kontuak, eginiko alegiak, eta abar oso zabalduak diren bezala sagutxoen istorio hauek bere obrari buruzko aipamenetan agertu ohi dira.

Testua eta irudia

Liburuan testua eta irudia elkarren osagarri dira: hots, biek elkar osatzen dute eta bien arteko produktua eta irakurleak jasotzen duena (azken hau ageriago gertatzen da "Bidaia" izeneko ipuinean, esate baterako). Hasieran aita agertzen zaigu sagukumeei ipuin bat kontatzeko prest, "Aita, ohean gaude guztiok" da irakurleak topatzen duen lehen esaldia. Hain zuzen aitaren ipuinak entzuteko prest daudela adierazteko esaldia. Eta horren ondoren aitak ipuin bana kontatzen die zazpi umeei: guk geuk zorionez irakurtzeko eta ikusteko aukera izango ditugun zazpiak.

Haur txikientzako obra da Lobelek eskaintzen digun hau, eta alde horretatik testuaren eta irudiaren arteko oreka horrez gain (zenbait kasutan irudiak berak istorioa jarraitzeko aukera ematen digularik), argumentua, hari narratzailea, denboraren tratamendua... haurraren ulertzeko gaitasunaren arabera eginikoa dugu. Istorio sinpleak dira (landutako sinpletasun hori), umorea bilatzen duten istorioak ("Gutizen putzua" liburuari hasiera ematen dion ipuinean gertatzen den bezala), adiskidetasuna ("Sagu agurea" ipuinaren kasua) edo zergatik ez, dibertimendua, une atsegina eta entretenigarria izateko aukera ematen diguten ipuin zoragarriak: "Sagua eta haizeak, Bainua", eta abar.

Irakurleak atsegina aurkituko du obra honekin topo egitean. Edizio zaindua duen liburu honetan ilustrazioaren mailaz eta testuaren egokitasunaz disfrutatzeko aukera izango baitu. Koldo Izagirreren itzulpena ere egokia da, bizia eta arina.

Horregatik guztiagatik eskertzekoa da barre eragiteko, pentsarazteko eta gogoetarako ere aproposa den liburu honen argitalpen zaindu eta txukuna. Eta eskertzekoa, arestian aipatu bezala, obra klasiko eta era berean moderno baten aurrean jarri gaituen Kalandraka argitaletxe galiziarra.
- Haur txikientzako liburu-gida, Mondragon Unibertsitatea, Humanitateak eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea Haur literaturaren historian klasiko izatera heldu den honako liburu hau 1972. urtean argitaratu zen lehen aldiz, eta geroztik munduko hizkuntza gehientsuenetara itzuli da. Ez ordea euskarara. Zorionez, Kalandraka argitaletxe galiziarrari esker, euskarara itzuli da Koldo Izagirreren itzulpenaz baliaturik. Bazen ordua haur txikientzako klasiko bat euskarara itzultzeko! Egia esan, zeregin honetan, gero eta ezagunagoa bihurtzen ari zaigu Kalandraka argitaletxea, batez ere editatzen ari den album zoragarriengatik. Argitaletxe honen liburu guztietan kalitatezko albumen aldeko apustua dago, apustu arriskutsua bezain ederra eta ausarta, aberastasun handiko testu originalak tartekatzen direlarik plastizidade handiko ilustrazioekin. Bada, oraingoan ere, beste horrenbeste gertatu dela baiezta dezakegu. Areago, diseinua zein enkuadernazioa azkeneraino zaindu dituztelako.

Arnold Lobel-en liburu guztiak samurrak dira, samurrak bezain sakonak, poetikoak, afektiboak eta sinpleak. Eta sinpletasunak (ez sinplekeriak) adinik ez duenez, oso erraz iritsi izan da Lobel adin guztietako jendearengana. Aspaldian ezagutu gaituen euskarara itzulita Arnold Lobel-en Igel eta Ugel igelen abentura ahaztezinak, Desclee de Brouwer-Alfaguarari esker. Geroztik, ordea, ez zegoen ezer argitaraturik. aprobetxa dezagun, bana, abagunea. Haurrek zein helduek ezagutu beharreko idazle-ilustratzaile aparta baita Arnold Lobel.


Sagu Kontuak