Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Xola eta basurdeak

Idazlea: Bernardo Atxaga

Ilustratzailea: Mikel Valverde Tejedor

Argitaletxea: Erein

Urtea: 1996

Bilduma: Holaxe bizi da Xola

Orri kopurua: 56

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Harrera ezin hobea izan dute Bernardo Atxagaren Xolaren xolakeriek.
Mikel Valverdek eginiko marrazkiek ere gure etxe sukaldeetaraino egin diete sarrera hala Xolari nola Grogo jaunari. Xolak badu lehoien berri izan zen bildumako lehen lana eta argitara orduko beregana zuen arrakasta. Espainiako Sari nazionala ere irabazteko zorian izan zen: finalista izendatu zuten. Euskaraz kaleratu eta berehala gaztelaniaz argitara zenean ere pozik jaso zuten irakurleek eta kritikak. Xola eta basurdeak izan zen bigarren eta aurrekoaren harrera bero bera inguratu zuen. Gaztelaniazko itzulpenak ere saririk irabazi zuen iaz. Eta, oraindik orain, Euskadi Haur eta Gazte Literatura Saria 97 ere irabazi du saileko bigarren titulu honek.


Prentsako aipamenak:


- Kukuluma, 1997ko abendua. 1.zkia "Holaxe bizi da Xola" sailaren bigarren zenbakia dugu liburu hau. Xola, bere bigarren historia honetan (lehena Xolak badu lehoien berri da)ausardiaz betetzen da basurdetara joateko. Hala, harro-harro azaltzen zaigu basurde ehizaren lehenengo egunean; bigarrenean, ordea...
Lehenengo liburuan gertatzen den moduan, bigarren honetan ere, Xola liburuaren hasieran harrokeriaz azaltzen den arren, liburuaren bigarren zatian errealitatearen gorditasuna ezagutuko du, gure bizitzaren hainbat unetako ispilua izan daitekeena.
Egia esateko, denok, haur, gazte eta helduok -agian guk gehien bat- irribarretsu irakurriko duguna.
Azpimarratzekoak dira bai liburu honetan eta bai aurrekoan Mikel Valverdek egindako ilustrazioak. Ilustrazio xamurrak dira, eta historien benetako osagarri. Oraingoan inprimitzerakoan tinta arazoak izan dituztela eta, ilustrazioek kolorea galduta daukate -pena-.
Txakurren burutazioa eta bizipenak irakurtzerakoan eta bere aurpegitxoa marrazturik ikusterakoan, oharkabean, une goxoak igaroko ditugu.


- Xabier Etxaniz, Egunkaria 1996ko irailaren 28a Irribarrea ezpainetan

Urte eta erdi pasa da Xolaren lehenengo berria izan genuenetik. Orduan, txakurraren eta Grogoren arteko harreman bitxi eta osagarria ezagutu genuen. Orain, aldiz, bien arteko nortasunean sakontzeko aukera eskaintzen zaigu Xola eta basurdeak ipuinaren bidez.

Mikel Valverdek ederki ilustratu eta Atxagak idatzitako narrazio labur honetan mundua deskubritzen ari den txakurra azaltzen zaigu, Xolak konpromezua izatea zer den jakingo du, emandako hitza bete beharra. Baina horretaz gain ezezagunaren aurrean dugun jokabidea, besteen ititziari ematen diogun garrantzia edo gure buruaren mugak ez kontrolatzeak sor ditzakeen arazoak planteatzen zaizkigu, besteak beste, ipuin labur honetan.

Grogok ez du basurdetara joan nahi izango, baina konpromezuz onartu beharko du. Xolak, aldiz, basurdeak zer diren jakin barik ere, ereinotz koroa ikusi nahi du bere buru gainean. Horrela, bi joera kontrajarri horiek parez pare aurkezturik, irakurlearen aurpegian irribarrea zabalduko da orrialdeak pasa ahala. Ipuinean ezkutatzen den ironiak, gertakarien eboluzioak, irribarrea ezpainetaraino du irakurlearengan.

Xola eta basurdeak ipuinak xumea dirudi, sinplea. Baina bigarren irakurketa egiten duenak ikusiko du sinpletasun horren azpian ezkutatzen den lana, gai eta mezuen aberastasuna. Xolaren ateraldiek barrea eragiten duten moduan, gure nortasunaz pentsarazten diguten zatiak aurki ditzakegu. Izan ere, Xolaren amets horiek ez daude esna egiten ditugunotatik oso urrun, Xolaren jokabide zentzugabea ezjakintasunak emaniko adoreagatik baitatorkio, baitatorkigu.

Baina ideia horiek guztiak ipuinean azaltzen badira ere, ipuinaren tonuak ez du galtzen aurrenekoaren arintasuna, ez eta umore kutsua, Txitoen istorioa eta antzeko ipuinetan gertatzen den bezala. Eta gainera, egilearen eta ilustratzailearen lankidetzaren ondorioz oso produktu zaindu eta ederra plazaratu da. Valverderen irudiak guztiz aproposak dira, alaiak, adierazgarriak... lortuak.

Xola eta lehoiekin barre egin bagenuen, honekin ez gara serio geratuko!


Xola eta basurdeak