Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Badakit bakarrik janzten

Idazlea: Elena Odriozola

Ilustratzailea: Elena Odriozola Belįstegui

Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide Sarasola

Argitaletxea: Denonartean

Urtea: 2019

Adina: 2tik gora


Laburpena:

Album ilustratu hau sakelako liburua dugu, neurri txikikoa, esku artean erraz erabili daitekeena, barruan irekitzen diren dobleko orrialdeak dituena. Tonu jostagarria du, dibertigarria.

 

Lehen orrialdean neskaren logelako armairua dago, neskatilaren jantziekin: kamiseta, soinekoa, oinetakoak eta pertxa bat hutsik. Bigarren orrialdean, neskatila biluzik dago kuleroak buruan dituela, armairu aurrean-edo: bere buruari galdetzen dio nola jantzi behar den. Orria destolestu eta logelako mahai txikitxo bat, aulki bat eta leiho bat ikus-ten dira: txakurra erdi lo dago aulkian, lora zuri bat dago mahai gaineko loreontzian, eta leihotik lainoak ikusten dira; hurrengo orrian neskatilak ondo jantzita ditu kuleroak. Kontakizunak aurrera egin ahala neskatila jantziz doa –kamiseta, soinekoa eta zapatak– eta, bitartean, eguna argituz doa, txakurra iratzartzen da, eta txoria azaltzen da. Bukae-ran, armairua itxita, neskatila –lorea eskutan– eta txakurra gelatik irten dira.

 

Oso estilo nabarmena dute Odriozolarenilustrazioek: buruek eta begiek, eskuek, oinetako behatzek… Jantziek leku nabarmena dute albumean, eta denak dira zuriak, argiunea hortxe jarriz. Armairua eta pertxak kolore marroiekin eta okreekin irudikatu ditu; damero-zorua grisarekin eta artile-kolore ilunarekin. Kolore beltzarekin egin ditu irudien ertzak; baita testu laburra ere.

 

Narrazioaren haria osatzeko orri tolesgarriez baliatu da. Hala, lehen aukera ez da egoki-ena, eta orria destolestu egin behar da neskatila ondo jantzita ikusteko. Erdiko orrian txakurtxoa dago, apurka-apurka esnatzen, eta neskatilarekin gero eta elkarreragin han-diagoan.

 

Liburuak esperimentatzeko aukera eskaintzen du. Irakurleak arropa horiek nola jantzi behar dituen badakien arren, orrietan zehar irudiak deskodetzera eramango du, hurrena zein jantzi datorren irudikatzera, eta aldi berean sekuentzia jarraitzera. Bestalde, orrialde tolesgarrian istorio paralelo bat gertatzen ari da, eta irakurlea horretaz ohartuko da, nes-katoaren, txakurraren eta txoriaren arteko elkarrizketan.


Prentsako aipamenak:

Imanol Merceroren kritika Berrian


Badakit bakarrik janzten