Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Fruitu eta barazkien inbentarioa

Idazlea: Virginie Aladjidi

Ilustratzailea: Emmanuelle Tchoukriel

Itzultzailea: Juanjoxe Petrirena eta Mikel Taberna

Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka

Urtea: 2019

Orri kopurua: 80

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Album formatuan kaleratutako ezagutza-liburu honek fruitu eta barazkien inguruko informazioa aurkezten du, tonu didaktikoa eta zaindutako hizkuntza zientifiko xumea erabiliz.

Inbentarioak hitzaurre bat du, liburuaren nondik norakoak adierazteko.

Aurkibidea ere badu azken orrialdeetan, guztiz baliagarria kontsulta zehatzak egin ahal izateko.

Fruitu eta barazkiak koloreen arabera daude sailkatuak. Modu askotara azaltzen dira: jatorria duten loreari lotuta, naturan aurkitzen diren moduan edo, bildu ondoren, osorik edo zatituta. Landare jangarrien atal ugari aurkezten dira: fruituak, zurtoinak, erraboilak, haziak, hostoak, loreak; baita lehengai horietatik ateratzen diren produktuak ere.

Gainera, espeziak, algak eta perretxikoak jasotzen dira bertan. Irudiak marrazki zehatzak dira, egiantzekoak. Akuarelen bidezko margolanari esker, fruitu, barazki eta azaltzen diren animalien kolorea, bolumena eta testura adierazten dira.


Fruitu eta barazkien inbentarioa