Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Lehiaketako munstrorik okerrena

Idazlea: William Bee

Ilustratzailea: Kate Hindley

Itzultzailea: Amets Santxez Munain (Bakun)

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 2019

Orri kopurua: 40

Adina: 6tik gora


Laburpena:

Lehen irakurleei begira osatutako album ilustratua da. Umore xaloa du, maleziarik gabea. Istorioak nortasuna eta identitatea bezalako gaiak proposatzen ditu bigarren plano diskretu batean. Oso beharrezkoa den diskrezioa, apaltasun lezio bat ematea baita obraren azken helburua.

Protagonistak Albert mutikoa eta Sidney bere munstro-maskota dira. Albertek uste du Sidney munduko onena dela, eta frogatzeko ”Munduko maskota onena” lehiaketara eramango du. Bost froga pasa beharko dituzte lehiakideek: 1. Garatxo iletsuenak; 2. Hegaldi altuera; 3. Parasito gehien [nork dituen]; 4. Puzker kirasdunena; 5. Arnasik beroena. Alberten etsipenerako, guztietan azkenekoa geldituko da, zeren Sidney munstro garbia da, garatxo gabea, bertigoa duenez ez du hegan egiten, parasito gabea, puzkertxo gozoak botatzen dituena, eta ez da ahotik sua botatzeko gai. Albertek porrot bakoitzaren osteko etsipenezko ideiak bere munstroaren abantailekin uxatzen ditu, azkenerako ohartuko baita Sidney bere lagun mina dela, samurra eta maitagarria.

Ilustrazioek testuaren egitura errepikakorra dute. Formaz ikonikoak dira, eta xehetasun asko dituzte. Okre koloretik hasi eta berde urdinduetara doazen koloreen paletak nagusitzen dira. Testua narrazio nahiko neutroa den bitartean, ilustrazioak emozioa eta umorea eragiteko baliatzen dira. Azken aurreko orri-bikoa hegal tolesgarriekin zabaltzen da, eta tamainaz bikoizten.


Lehiaketako munstrorik okerrena