Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Zer behar da?

Idazlea: Gianni Rodari

Ilustratzailea: Silvia Bonanni

Itzultzailea: Fernando Rey

Argitaletxea: Pamiela-Kalandraka

Urtea: 2020

Adina: 4tik gora


Laburpena:

Pamielak eta Kalandrakak aukera bikaina egin dute Emme Edizioni argitaletxeak sortutako eta Fernando Reyk euskaratutako liburu honekin. Rodariren Filastroche in cielo e in terra (Errimak zeruan eta lurrean) liburuko Che cosa ci vuole (Zer behar da?) kontakizun xehe bezain esanguratsua Silvia Bonanni ilustratzailearen eskuetan jarri dute, eta voila: album ilustratu jostari, poetiko, zientifiko, filosofiko eta adimentsu hau da emaitza.

Mahai bat egiteko zer behar den galdetuz abiatzen da testua eta horren erantzunari ere galdera bera eginez, kateatuko dira beste guztiak, hurrenkera logiko bati lotuz eta objektu bakoitzaren jatorriari jarraituz, muineraino iritsi arte: “Zer behar da… mahai bat egiteko? Egurra behar da. Egurra egiteko, arbola behar da. Arbola egiteko…”. Hari horri segituz, urratsez urrats, objektuaren sorburura iritsiko gara eta hor amaitzen da liburua. Egia esan, ez da guztiz bukatzen, Sergio Endrigoren kantuak (Ci vuole un fiore) testuari jarraipena ematen zion bezala, geuk ere segi baitezakegu galdezka: zer behar da lore bat egiteko? Noraino irits gaitezkeen? Batek daki! Azkenean, Endrigok berak kantatzen zuen moduan, «Per fare tutto ci vuole un fiore» (denerako behar da lore bat).

Bere xumean, benetan handia da liburu honek eskaintzen duena, bere egitura silogismoan edo arrazoibide deduktiboan oinarritzen baita, logika aristotelikoaren muinean, hain zuzen. Horrela esanda, badirudi hitz potoloez eta asmo handi-mandiez ari garela, baina horiek ere etxeko txikienen neurrikoak izan daitezke, haien jakin mina piztu eta erantzunak bilatzen hasteko prest bagaude.


Zer behar da?