Bitartekariak

Idoia Sobrino López
Idoia Sobrino López

Idoia Sobrino López (Elizondo-Baztan, 1984) Bibliotekonomia eta Dokumentazioan diplomatua da Universitat de Barcelonan (UB).

Han izan zuen bere lehendabiziko liburuzain lana, eskola liburutegi batean, nahiz eta betidanik egon den Baztango Liburutegi Publikoan laguntza lanetan ibiltzeari lotuta. Atzerrian denbora batez lan eta bizi ondoren (Kataluniaz gain, Grezia eta AEB), Euskal Herrira itzuli eta Jaurlaritzan eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan dokumentalista lanetan ibili zen. Nafarroan aldiz, Nafarroako Liburutegian, Burlatako Haur Liburutegian eta Irurtzungo Liburutegi Publikoan ibilitakoa da, hala nola Xauli Gazte Informazio Zerbitzuan, Nafarroako Gazte Kontseiluan eta haur eta gazteekin begirale lanetan, begirale titulazio hori ere izanik.

Berriako Nafarroako Hitzan kolaboratzailea bi urtez eta esataria zenbait irratitan, aunitzetan liburutegiak izan ditu hizpide, haien funtzio sozialean sinetsita. Ildo horretatik, Irakurketa Errazari lotutako ikastaro bat egin du, “Bibliotecas: Armas de instrucción masiva” hitzaldia eman eta “Oinarriak” (Behinola, 34. zk.) eta “Dícese del cambio en las bibliotecas” (TK aldizkaria, 18. zk.) artikuluak idatzi, bigarrena Sonia López Igartua liburuzainarekin elkarlanean.

Galtzagorrik emandako haur eta gazte literaturaren inguruko ikastaro batean parte hartu izan du eta baita Karrikirik eskainitako “Genero trataera haur literaturan” tailerrean ere, bertzeak bertze.

Gaur egun NUPeko liburutegian lanean dago eta ASNABIko kidea da.

 

* Segurtasun arrazoiak direla medio, profesional honen datu pertsonalik ez duzu aurkituko web gune honetan. Hala ere, horiek eskuratu nahiko bazenitu Galtzagorrira dei dezakezu (Telf: 943471487) edota email bat igorri (galtzagorri@galtzagorri.eus) eta ahal dugun guztian lagunduko dizugu.